Grebara deituak izan dira. Pankarta hartu eta bidezkoa den hori aldarrikatu dute. Haien falta, nabaritu dugu. Halere, gaur berdin izaten jarraituko du. Etxeko agintari diren umeek begiak zabaldu bezain pronto, eguneroko protokoloari ekingo diote. Gosaldu, haiek atondu, eskolan utzi eta lanerako bidea beste behin egingo dute. Kasu hoberenetan bere mahai eta lan karga antolatzeko aukera izan eta martxan jarriko dira. Gehienetan, azaldu bezain pronto gizonezko baten enkargua irakurriz edo entzunez jasoko dute. Telefono mugikorra bateria bete prest, egunean osoan txikien berriren bat balego, begi bistan egongo da. Otorduan, gauez nekez prestaturiko hori, lagun diren horien barre eta istorioekin partekatuko dute eta laurak iritsi bezain pronto eskolara presaka abiatuko dira.
Parkea, musika eskola, kiroldegia eta herrian zehar sakabanatuta dauden monumentu guztiak bisitatuko dituzte astea aurrera joan ala. Eta konturatu baino lehen asteburuko labadora, asterako erosketak zein umeen kirol neurketetan emango dituzte deskantsurako liratekeen orduak. Magikoki, egun gutxi batzuetan bada ere, dutxarako zein beraien burua apaintzeko denbora aterako dute. Tarteka, lanerako autobusean edo umeak oheratu osteko kafe bero edo ardo goxo horren efektupean, gustuko duten liburuari edo lagunarteko WhatsAppean komentaturiko pelikula horri helduko diote. Eta idatzitakoa, batzuetan purrustaka bada ere, behin eta berriz errepikatu, berantolatu, perfekzionatu eta maitasunez egingo dute.
Bitartean, bere burua heldutzat saltzen duten beste batzuk komentatu berri dudan hau beraiekin ez doan mundu batetan gertatzen den fikziozko pelikula bat dela pentsatzen jarraituko dute. Lan karga asko dutela, umeak jasatea nekagarria dela, lagunekin egoteko denbora beharrezkoa zaiela, kirola egitea mental eta fisikoki gomendatu diotela, egiteko nahia bai baina egiten ez dakitela. Mota honetako azalpen iraingarri zein merkeak konbentzimendu osoz, zenbaitetan irribarre zabalez, defendatuko dituzte. Horrela, aldaketaren martxa morea, beste behin, eten egingo da. Injustizia gailendu eta mundua, azken finean, kaka bera izaten jarraituko du. Baten batzuk, ohitura zaharkitu hauek azaltzen dituzten tiranoen menpe bizi direlako. Beste batzuk, hitzeman zioten jarrera aldaketa noiz etorriko den esperoan daudelako.
Beraz, emakume eta gizonen arteko harreman horren faborez ez bada ere, gure umeei gizarte berri, hobeago, pluralago eta berdinzaleago bat zor diegulako! Alferrok, tiranook, MARTXAN JARRI ZAITEZTE!