Lekuek eta Alberdik jantzi dute Euskal Herriko txapela
Berritxu Zesta Eskolakoek 35-24 irabazi diete mutrikuarrei. Gazte mailan, Gernikak jantzi du txapela. Erkiagak Mexikoko txapelketa jokatuko duGizonezkoen ohorezko mailako finala irabazi dute Berritxu Zesta Eskolako Roberto Lekue ondarrutarrak eta Antxo...
Berritxu Zesta Eskolakoek 35-24 irabazi diete mutrikuarrei. Gazte mailan, Gernikak jantzi du txapela. Erkiagak Mexikoko txapelketa jokatuko du
Gizonezkoen ohorezko mailako finala irabazi dute Berritxu Zesta Eskolako Roberto Lekue ondarrutarrak eta Antxon Alberdi etxebarritarrak. Mutrikuko Danok Bat taldeko Ekaitz Mendizabalen eta Mikel Manzisidorren aurka jokatutako neurketa 35-24 irabazi zuten zapatuan.Berriatuko eta Mutrikuko bikoteak nor baino nor gehiago aritu ziren Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatu zuten finalean. Norgehiagoko «polita eta gogorra» jokatu zuten, eta 20. tanto bueltara arte, nahikoa berdinduta ibili ziren. «Nahikoa berdinketa egon ziren lehen zati horretan», aitortu du Roberto Lekue Berriatuko jokalarien entrenatzaileak.
20. tantotik aurrera, aldiz, partiduaren ordura arteko egoera guztiz aldatu zen. Lekuek eta Alberdik lauzpabost tantoko abantaila lortu zuten, eta hortik aurrera beste horrenbeste tanto ere egin zituzten. «Abantaila horri eustea, hain zuzen ere, partida irabazteko gakoa izan zen». Berriatuko entrenatzaileak gaineratu duenez, kategoria horretan eskarmentu handiagoa daukate Lekuek eta Alberdik, eta hori ere igarri egin zen txapela lortzeko garaian.
Ohorezko mailako finala ez eze, egun berean gizonezkoen senior mailako finala ere jokatu zen Unin. Gasteizko bikoteak 35-33 irabazi zuen Zumaiakoen aurka partidu estuan.
Hondarribian, berriz, kadete eta gazte mailako finalak jokatu ziren zapatuan. Gazte mailako finalari dagokionez, bertoko partaidetza ere egon zen. Gernika Jai Alaiko Lekek eta Undak 35-31 irabazi zuten Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskolako Alexen eta Danelen aurka. Bi bikoteak gogotsu atera ziren kantxara, eta sekulako maila erakutsi zuten, azken unera arte berdinketaz betetako partidua eskainiz.
Mexikoko txapelaren bila
Aritz Erkiaga ispastertarra, berriz, Mexikoko Nazioarteko Zesta-punta Txapelketan ariko da. Ispasterko puntistak egun Miamiko (Florida, AEB) frontoian jokatzen baldin badu ere, Mexikoko Nazioarteko Txapelketa jokatzera deitu dute.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, txapelketa gaur hasi eta zapatuan amaituko da munduko frontoirik handienean; Mexiko hiriko pilota jauregian, alegia.
Txapelketa hiruna bikotegaz osatutako bi taldetan banatuta jokatuko da, eta aurreratu dutenez, Ispasterko artistak bigarren taldean jokatuko du Julien Ihitsague Lapurdiko atzelari gazteagaz batera. Bikoteak, zehatz esanda, bihar jokatuko du txapelketa mexikarreko estreinako partidua.
Txapelketari dagokionez, beste alde batetik, aurten jokatuko diren hirutik lehenengoa izango da. Gaur eta bihar, sailkapen neurketak jokatuko dituzte 20 tantora. Etzi, berriz, sailkapen faseko talde bakoitzean garaile suertatzen diren bi bikoteek jokatuko dute finalaurrekoa. Eta, zapatuan, azkenik, final handia hartuko du Mexiko Hiriko frontoiak.