Euskal Herria Museoaren lana berraztertzeko eskatu dute
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoaren helburua, edukia eta programazioa aztertzeko deia egin diote aldundiari Bizkaiko Batzar Nagusiek. Euskara eta Kultura batzordeak aho batez onartu du Talde Mistoaren ekimena, hau da, Euskal Herria Museoan lantzen d...
Bizkaiko Batzar Nagusietako Talde Mistoak Euskal Herria Museoa eta Batzar Etxea batzeko proposamena egitea ere pentsatu du. Proposamen hori «udalerriko historiagaz zerikusia duten gaietan» aurrera eramatea dela jakinarazi dute Batzar Nagusietako arduradunek.
Arrazoiak
Euskal Herria Museoak inguru berean kokatutako Gernika-Lumoko Batzar Etxeak eta Bakearen Museoak baino %10 bisita gutxiago izan zituen 2017. urtean.
Arturo Aldekoa Batzar Nagusietako Talde Mistoaren ordezkariak azaldu duenez, museoak herritarrengan eta bisitariengan eragiten duen irudia aztertu beharko luke. Museoari buruzko ikerketa sakonagoa egitea beharrezkotzat jo dute EH Bildu eta Ahal Duguk. Hala ere, proposamenagaz gustura geratu dira alderdi politiko guztiak.
EAJ ekimenagaz bat agertu da, eta Euskal Herria Museoak egindako orain arteko programazioa «ona» izan dela azpimarratu du: «Garrantzitsua eta askotarikoa den edukia landu du Euskal Herria Museoak. Gainera, jarduera aktiboa izan du 2017. urtean egindako 11 jarduera nagusietan». EAJk gaineratu du, museoak dituen balorazioak bikaintasunekoak direla.
Museoaren azterketa Batzar Nagusiek eta Aldundiko BizkaiKOA taldeak elkarlanean egingo dute. Aldundiko talde horrek museoak koordinatzen ditu.