Mutrikuko Gure Esku Dago-ren herri dinamikako kideek hurrengo asteetara begira egingo diren ekintzak aurkeztu dituzte jendaurrean gaur [martxoak 17] Luardon egindako aurkezpenean. Herri dinamikako kideek aurreratu dutenez, bi ekintza parte hartzaile egingo dituzte datozen asteotan.
Maiatzean eta ekainean, hurrenez hurren, Klik Eguna eta giza katea antolatuko dira. Baina, horretarako,
herritarren laguntza behar-beharrezkoa dela azpimarratu dute. “Aurtengoa urte berezia izango da, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sortu daitezkeelako”.
GED herri ekimeneko kideak gaurko aurkezpenean
Ekainaren 10ea, esaterako, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba eskuz esku batuko dituen giza katea egingo da. Kilometro bakoitzean 500 bat pertsona sartzen direla aurreikusten da, eta
Deba inguruan bi kilometro betetzeko asmoa agertu dute Mutrikuko herri dinamikako kideek. “Lehengo Danobat ingurutik hasi, eta Debako futbol zelaia igaro ondorengo errepide erdiraino doan tartean betetzeko 1.000 bat lagun beharko dira. Zuen laguntza izango dugulakoan gaude. Izan ere, 1.000 lagun batzea Mutrikun ez da erraza”.
Bertan parte hartu nahi dutenek saretu egin beharko direla azpimarratu dute gaurko batzarrean. Saretzeak 5 euroko kostua izango du, eta herritar bakoitzak giza katean lepoan soinean janzteko zapi bat jasoko du ordainetan. “Zapian bertan bakoitzak erabakitzeko eskubidaren aldeko bere arrazoia zein den idatzi dezake”.
Saretzeak, ordea,
giza katean parte hartzeko konpromisoa dakarrela gogorarazi dute. Kanpaina, hain zuzen, gaur bertan hasi da ekitaldi bukaeran. Gaur horretarako aukerarik izan ez dutenek, berriz, aurrerago ere izango dute saretzeko aukera. Datorren astean (martxoaren 23an), esaterako, Beheko Plazan egongo dira atxikipenak jasotzen, 18:30etik 21:00etara. Eta apirilaren erditik aurrera, bestalde, arratsaldero mahaia ipiniko dute Beheko Plazan.
Luardoko aurkezpenean batutako herritarrak eta eragileak
Giza kateaz gain,
Klik Eguna ere egiteko asmoa agertu dute mutrikuarrek. Eta eguna noiz izango den zehaztu ez baldin bada ere (maiatzaren 12an edo 19an izango da), egun hori
herri ituna adosteko eguna izango dela azaldu dute. Bien bitartean, herritarrak bakoitzaren arrazoi ezberdinak pentsatzen eta batzen hasteko animatu dituzte. “
Gure Esku Dago-ren web orrialdean zuen arrazoiak sartzeko aukera izango duzue. Oraingoz 400 arrazoi inguru daude jasota. Beraz, nahi badazue hor daukazue aukera”.