Lekuek, musikaz herria bustiz ane maruri aransolo
Martxoaren 3tik 10era bitartean Gernika-Lumoko kaleak doinuz bete ditu Lekuek jaialdiak. Ekintzak amaituta, jaialdiaren nondik norakoak baloratu dituzte antolatzaileek.Ekitaldiak bukatzean balorazioak egitea normala da, ondo egindakoak azpimarratzeko e...
Martxoaren 3tik 10era bitartean Gernika-Lumoko kaleak doinuz bete ditu Lekuek jaialdiak. Ekintzak amaituta, jaialdiaren nondik norakoak baloratu dituzte antolatzaileek.
Ekitaldiak bukatzean balorazioak egitea normala da, ondo egindakoak azpimarratzeko eta hobetu beharrekoez ohartzeko. Lekuek jaialdiaren aurtengo bosgarren urtea «positiboa» izan da, herriko lekuetan urteroko jendeaz gain, aurpegi berriak batzea lortu du eta.Era positiboan baloratu dute antolatzaileek jaialdiak aurten izan duen harrera, herriko giroa «piztu» zuela eta ekintza guztietara jendea hurbiltzea lortu zuela esanez: «Urtetik urtera gero eta jende gehiago hurbiltzen da, ezagunagoa baita Lekuek. Izan ere, aurpegi ezezagunak ikusi dira tabernetan jaialdiak iraun duen bitartean». Herrian eta herritik kanpo geroz eta harrera «hobeagoa» duela uste du antolakuntza taldeko kide Txema Sahelicesek.
Leku batera mugatu ez den jaialdia da Lekuek, eta jendeak ideia hori barneratu duela uste du antolakuntzako kideak: «Jendeak barneratu egin du jaialdiaren dinamika. Musikaz edo bestelako ekintzez gozatzeko, leku batetik bestera mugitu behar dela, hain zuzen». Ohiz kanpokoa den jaialdian jendeak lekuz leku ibiltzearen dinamikaz «gozatu» duela uste du Sahelicesek.
Zuzeneko musikara zuzendutako jaialdia da Lekuek, baina musikaren munduaren barnean dauden beste arlo batzuei «lekua ematen» saiatzen direla adierazi du antolatzaileak. Ekintza horiek balorazio positiboa jaso dute aurten; jendea ekintzetan parte hartzera «animatu» da.
Kontzertuak, hitzaldiak edota aurkezpenak ikusteko aukera izan zuten herrira bertaratutakoek. Asteko programazioa jendearentzako «erakargarria» izatea eta herritarrak lekuetara «hurbiltzea» bilatzen zuten antolatzaileek, eta lortu zutelakoan daude: «Baliteke aurreko urteetan egindako lanagatik izatea, baina, aurten, jendearen erantzun zabala lortu dugu».
Tabernak ere garrantzitsuak izan ziren jaialdiaren nondik norakoan, eta haietan ere jendearen presentzia nabaritu zela aitortu du: «Lekuek jaialdian berdin dio goizean, eguerdian edota arratsaldean programatutako kontzertua izatea tabernan, jendea hurbildu egiten da, eta hala gertatu da aurten».
Sahelicesek uste du jaialdira bertaratu zen jendea ez zela bakarrik Astrara, Trinkete antitxokora edota Iparragirre rock elkartera mugatu, eta herriko tabernetan ere parte hartze handia izan zela nabarmendu du. Gernika-Lumoko musikaren etxeak dira Iparragirre, Astra edota Trinkete, eta leku horietan eman ziren kontzertuak «oso ondo» egon zirela adierazi du, eta jende «asko» bertaratzea lortu zutela azpimarratu du.
Jaialdiko ekitaldi batzuetan egoteko, bakarkako sarrerak zein bonuak eros zitezkeen, eta aurten, joan den urtean baino irabazi gehiago lortu dituztela jakinarazi du Sahelicesek. 150 bonu inguru saldu zituzten aurreko urteetan, baina, aurten, 30 bonu gehiago saltzea lortu dutela adierazi du.
Kontzertuetarako bakarkako sarrerei dagokienez, berriz, zuzeneko ikuskizun batzuetarako sarrerak, esate baterako, agortu egin ziren. «Glaukomaren kontzertuagaz bete egin zen Iparragirre, eta The Reverend Shawn Amosegaz ia gauza bera gertatu zen, 220 sarrera saldu baitziren; El Inquilino Comunista taldeak Trinkete antitxokoa bete zuen; eta, Astran antolatutako kontzertuek, bataz beste, 100 sarrera saldu zituzten egunean». Datu horiek kontuan hartuta, jaialdiak jendearen artean «arrakasta» eduki duela uste dute antolakuntzakoek.
Hobetzeko
«Beti dago non hobetu, baina jaialdiaren planteamendua bera egokia dela uste dut», aitortu du Sahelicesek. Hala eta guztiz ere, gai bakoitza antolatzeko edo lantzeko ikuspegietan, beti zerbait hobetu daitekeelakoan dago.
Jaialdia antolatzeko orduan, udaletxearen eta antolatzaileen arteko harremana sustatu beharko litzatekeela uste du.