Belaunaldi guztiak, jai giroan batuta

'Zapran gagoz' Lekeitioko 27. Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren baitan, Maratoi Musikala ospatu zuten zapatuan, Lekeition. Harrera ona izan zuen ekimenak, eta jendetza batu zen plazan zein frontoian.

Ikasle, irakasle, guraso, senide eta ikasle ohi; belaunaldi guztietako jendea elkartzea lortu zuen zapatuan, Maratoi Musikalak. Zapran gagoz Lekeitioko 27. Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren baitan, egun osorako egitaraua zeukaten antolatuta Eskola Publikoko kideek, eta goizean hasita, musika, kantu eta dantzarik ez zen falta izan herrian.

Tailerrak egon ziren goizean plazan, baita txalaparta, irrintzi lehiaketa, puzgarri, txistulari, eta trikitilariak ere. Plazan giro onean ibilita, Estudiantinagaz batera egin zuten herritarrek frontoirako bidea, kalejiran, Gu ta gitarrak taldeak alaitutako bazkarian parte hartzeko. Jende asko batu zen Santi Brouard pilotalekuan egin zuten bazkarian, 400 lagunetik gora, hain zuzen, eta denak batera abesten jardun zuten.

Dantzan

Lekeitioko Eskolaren aldarrikapenak eta eredua jasotzen zituen manifestua irakurri zuten, eta puzgarrietan jolasteko aukera ere eduki zuten umeek fanfarriagaz batera berriz plazarainoko ibilbidea egin orduko. Saltoka eta dantzan egin zuten ibilbide osoa, eta horrela jarraitu zuten ilundu arte. Izan ere, Aittitta Makurraren txarangagaz hasi, Salsa taldeagaz jarraitu eta Atzekaberen triki-rocka izan zuten amaitzeko. Gogoz ibili ziren dantzan.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend