Lekoiz 68 aldiz igotzen
Aitor Antxustegi berriatuarrak 17.696 metroko desnibel metatua daukan erronka bete du; Everesten altuera bi aldiz; bizikletari pedalkadaka aritu da 30 orduz jarraian, eta zenbait bidelagun izan ditu ondoan.Pedalkadaz pedalkada, nekeari eutsiz, Lekoiz 6...
Aitor Antxustegi berriatuarrak 17.696 metroko desnibel metatua daukan erronka bete du; Everesten altuera bi aldiz; bizikletari pedalkadaka aritu da 30 orduz jarraian, eta zenbait bidelagun izan ditu ondoan.
Pedalkadaz pedalkada, nekeari eutsiz, Lekoiz 68 bider igotzeko erronka beregain hartu du Aitor Antxustegi berriatuarrak. Horrela, Everesting izeneko proba bitxia lau aldiz bete du.Astelehenean 15:00ak aldera ekin zion erronkari Lekoiz gainetik. Markina-Xemeingo partetik, 17.800 metro inguru egitea zen bere asmoa, eta horretarako, 68 igoera eta jaitsiera burutzea erabaki zuen.
8.848 metroko desnibela birritan igotzea ez da edozelako erronka, eta nekea nabaritu arren, egindako balentriagaz pozik, atzo iluntzean amaitu zuen abentura. Gainera, proba berezi honetan ez da bakarrik aritu; hainbat laguntzaile edo bidelagun izan ditu bi egunotan. Horien animoek bere nahia burutzeko bultzada eman diote.
Aurtengo laugarrena
Txirrindularitza zaleen artean ezaguna da berriatuarra, eta honakoa bikoitza izan bada ere, ez da Everesting-a egiten duen lehen aldia. Dagoeneko beste hiru burutu ditu: San Pedro (Elgoibar), Sollube (Bermeo) eta Karakate (Soraluze).
Aurrekoetan egin moduan, oraingo honetan ere, erronka egin aurretik, ondo prestatu da. Horretarako, entrenamenduez gain, atseden hartu eta bapo jan zuela kontatu zuen proba hasi aurretik. «Txarrena prestakuntza eta mentalizatzea da, gero, behin hasiz gero, pedalei eragin eta listo», adierazi du Antxustegik.
Autoa erdibidean izan du bi egunotan, «anoa postuagaz». Han beharrezko elikagaiak eta edariak eduki ditu. Bi ordu eta hamar minututik behin hiru bat minutuko geldialdiak egin ditu. Bost igoera egin dituen bakoitzean geratu da, zer edo zer jan edota arropak aldatzeko. Gutxi gorabehera, 25 minutuan egin du buelta bakoitza.
Erronka «erraz» bete du, eta esate baterako, gaueko freskaldiagaz, askoz hobeto sentitu dela esan du, erritmoa jaitsi barik. Nekearen, loguraren zein gosearen beldurrik ez duela erakutsi du. Batzuentzat zorakeria izan litekeena pasioz bizi du berriatuarrak, eta irribarrea galdu barik amaitu du erronka oraingoan ere.