Ume eta gaztetxoen dantza elkartrukeak egingo dituzte
Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak elkartrukeak prestatu ditu zapaturako. Herriko taldeagaz batera, Gabiriako Goruntz Dantza Taldeak eta Galdakaoko Andra Mari Taldeak elkartrukean parte hartuko dute.Hirugarren urtea da dantza elkartrukeak ospatzen dir...
Hirugarren urtea da dantza elkartrukeak ospatzen direla, eta horien helburua Euskal Herriko toki desberdinetako dantzari txikiek Bermeon egun eder bat igarotzea da, umeak beste dantza talde bateko haurrekin harremanak izatera bultzatuz. «Gerora, gure txikiekin beste herrietara joateko asmoa dugu», azaldu dute bermeotarrek.
Bermeoko Alkartasuna Taldetik 80 ume eta gazte inguru egongo dira zapatuan. Goruntz eta Andra Mari taldeei dagokienez, bakoitzak 20 kide inguru ekarriko ditu Bermeora.
Dantzan, han eta hemen
11:00etan Erreten parkean hasiko dute eguna umeek. Bertan hamaiketakoa jan ostean, kalejiran ibiliko dira herritik zehar. Taraskatik hasi, eta Goiko Plazaraino joango dira, ondoren portura jaisteko. Leku horietako bakoitzean geldituko dira ume eta gaztetxoak dantza txiki batzuk egiteko, eta, ostean, hiru taldeek dantza erakusketa eskainiko dute portuan.
17:00etatik aurrera, ekitaldi nagusia egingo dute Lameran.
Alabaina, euria izanez gero, ekitaldia Artza frontoian egiteko asmoa daukatela jakitera eman dute Alkartasuna Dantza Taldeko ordezkariek.