Mutriku Sokatira Taldeak laugarren amaitu du Berriatuan
2018ko Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako lehenengo jardunaldia laugarren postuan amaitu dute Mutriku Sokatira Taldeko kideek. 680 kiloko lehiaren lehenengo kanporaketa saioa Berriatuan jokatu zen zapatu [maiatzak 5] arratsaldean, eta lortutako emaitza onari esker, 4 puntu lortu dituzte sailkapen orokorrean.
Mutrikuko taldeko kideek adierazi dutenez, txapelketako lehen kanporaketa ondo joan zen. “Pentsatutakoaren arabera sailkatu ginen, baina aurrerago begira gehiago egin ahal dugula uste dugu”. Pisuari dagokionez, bestalde, ondo sartu zirela nabarmendu dute. “Pisuan nahi genituen astunenak sartu genituen”.
Finala maiatzaren 19an jokatuko da Deban, eta aurreratu dutenez, finala soka batera egin ordez, bira egingo da. “Zozketa bidez zehaztuko dituzte aurkariak. Ea horrela aurreko postuetan egoteko aukera gehiago dugun”.