Ondarroan amaituko da XVI. Plazatik Gaztetxera txapelketa. Bertsolari Gazteen Txapelketako finala Gaztetxean jokatuko da
zapatuan [maiatzak 12], 18:00etan. Aurrekoetan egin modura bertsolari gazteei kantatzeko aukera eman nahi diote txapelketaren antolatzaileek, eta era berean, bertsoa gazteengana gerturatu. “Hau guztia aurrera atera ahal izateko, zazpi gazte asanbladetako kideok elkarlanean dihardugu, txapelketari berari forma bateratu bat eman nahian”.
Antolatzaileek agertu dutenez, txapelketa apirilaren 5ean hasi zen Oñatin, eta lehenengo faseko kanporaketak eta bigarren faseko finalerdiak jokatu ostean, lehia Ondarroan amaituko da zapatuan. 24 bertsolarik parte hartu dute aurtengo txapelketan, eta aurreko asteburuan Eibarren eta Deban jokatu ziren bi finalerdietan erabakita geratu dira finalistak. Honako
sei bertsolariak ariko dira kantuan Ondarroako Gaztetxeko oholtza gainean: Jokin Bergara, Oier Etxeberria, Urko Arregi, Manex Astigarraga, Aitor Zubikarai eta Ane Beloki.
Plazatik Gaztetxera, Eibarko finalerdia. Argazkia: Plazatik Gaztetxera
Iaz, gainera, urtebeteko geldialdia egitea erabaki zen, eta aurten
formatua aldatuta jokatu da txapelketa. “Lehen binaka jokatzen zen, eta aurtengoa, ostera, banakako txapelketa izan da”. Finalari dagokionez, honakoak izango dira egin beharreko lanak: zortziko handian hiruna bertso (binaka), zortziko txikian hiruna bertso (binaka), bina puntu erantzun, puntutan irudi bati launa bertso osatu arte (binaka) eta hamarreko txikian hiruna bertso (binaka).
Finala aitzakia hartuta, gainera,
beste hainbat ekintza prestatu dituzte txapelketa antolatzen ibili diren Ondarroako, Debako, Soraluzeko, Eibarko, Itziarko, Zestoako eta Oñatiko gazte asanbladek. 12:00etan, bertso poteoa egiteko hitzordua jarri dute Gaztetxearen aurrean, eta ostean, herriko txokoak bertsoz janzten ariko dira finalerdietan parte hartu duten bertsolariekin eta trikitilariekin batera.
Poteoa amaitu ostean, eta txapelketako ohiturei jarraituz, Ondarroako Gazte Asanbladako kideek prestatutako
bazkaritan batuko dira 14:30ean, Gaztetxean. Bertan parte hartu nahi dutenek sarrera aurretiaz erosi beharko dute Anaitasuna tabernan. Gazte asanbladako kideek gaineratu dutenez, erreserbak
ogaondarru@gmail.com helbide elektronikora idatzita ere egin daitezke, bariku iluntzera arte.