Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldeak antolatuta Euskal Erromeria egin dute gaur [maiatzak 26] Mutrikun. Gaurko euskal dantzei eskainitako eguna izan da, eta dantza ikuskizunetan parte hartu duten 100 dantzari inguruk jai giroz zipristindu dituzte herriko kaleak.
Jaia eguerdian hasi da, eta lehen dantzak Goiko Plazan eskaini dituzte. Bertan dantza saio ederrak eskaini dizkiete inguruan batu diren herritarrei. Larrain dantza, zazpi jausiak, herri dantza edo ostalertza dantzatu dituzte, besteak beste. Eurekin batera, gainera, herritar ugari animatu dituzte dantza egitera.
Saioa amaitu orduko, dantzariek atsedenaldi txiki bat egin dute, eta tarte horretan bertsolariak balkoitik balkoira ibili dira kantuan. Imanol Lekunberri Txilinek eta Xabier Astigarragak bertso politak bota dituzte.
Euskal erromerian parte hartu duten dantzari eta txistulariak, Beheko Plazan
Goiko Plazako saioa amaitu ondoren, Beheko Plazarantz abiatu dira kalejiran, giro ezinhobean. Bertan, goizeko dantza saioari amaiera eman diote. Beheko Plazan ere Txilin eta Astigarraga bertsotan aritu dira balkoitik balkoira.
Eguerdian Beheko Plazako dantza emanaldia amaituta, Miruiatz frontoian bazkari herrikoia egin dute. Bazkaosteak luze jo du, eta ohiturei jarraituz, dantzatzeko tartea ere izan dute.
Bapo bazkaldu ondoren, erromerian gerriak astintzen ibili dira Joxpa taldearekin. Eta erromeria amaitu orduko kantujira egin dute. Herriko bazter guztiak euskal kantuz alaitu dituzte.
Aurten, gainera, herriko beste kultur elkarte batzuekin batera osatu dute egitaraua, eta eguna amaitzeko, euskal kanten bertsio gaua egin dute Gaztetxean, MRKren eskutik. Festa giro gauera arte luzatu dute. “Aurten jaiari bultzada handiagoa emateko, eta ikusita jendea makal zebilela, herriko beste talde batzuekin batu gara, denon artean jaira jende gehiago animatzeko”, azaldu dute Gure Ametsa dantza taldeko arduradunek.
Gaineratu dutenez, jaiak aurten iaz baino jende gehiago batu du. Pozik agertu dira. “Eguraldiak lagundu digu goizean, eta jendea oso animatuta ibili da”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.