Euskal erromeriak musikagaz eta dantzekin alaitu zuen zapatuan [maiatzak 26] Lekeitio. Urtero modura, euskal dantzen ikastaroa antolatu du Zaletxuak elkarteak, eta Euskal Erromeriagaz eman zioten
amaiera ikasturteari.
Zaletxuak elkartean euskal dantzak ikasten aritu direnekin batera, gainera, eskualdetik eta kanpotik etorritako dantzariak izan zituzten bidelagun. Amorotoko Arta Nagusia dantza taldekoak edo Ispasterko taldekoak, esaterako.
100 dantzari inguru batu ziren, eta tartean Bilboko San Inazio auzoko Goi-Herri dantza taldekoak ere ibili ziren, euskal dantzen ikastaroaren arduradunak.
Euskal erromerian parte hartu zuten batzuk, hamaiketako hasi aurretik
Ohi modura, Merkatu Plazako goiko solairuan elkartu ziren. Han dotore ipini, zapian jarri eta denak batu ostean, hamaiketakoa egin zuten kalean egin beharreko dantza saioetako indarrak hartzeko.
Txikirri-Txikirri taldeak girotuta, 13:00ak bueltan atera ziren dantzan.
Kalejira alaia egin zuten herrian zehar giro ederrean, eta bidean hainbat dantza saio eskaini zituzten. Beste batzuen artean, ikastaroan ikasitako fandagoa, arin-arina edo larrain dantza plazaratu zituzten. Eurekin batera dantzan egitera gonbidatu zituzten herritarrak.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Eguerdian kaleak kolorez jantzi ondoren, Merkatu Plazan batu ziren bazkaritan. Bazkarirako tartea eginda, berriro ere dantzara atera ziren.
Berandu arte giro ederra zabaldu zuten herrian. Musikak girotu zuen iluntzea; lehendabizi, Trikizio taldearen erromeriak girotu zuen plaza, eta eguna amaitzeko Baigorriko gaiteroen doinuekin aritu ziren dantzan.
Zaletxuak elkarteak antolatutako jaia, giro ederrean ospatu zen, eta antolatzaileak
oso pozik agertu dira. Goizean eguraldi txarra bazegoen ere, atertu, eta dantza erakustaldia egiteko tartean eguraldi ona eduki zutela nabarmendu duten. “Goizean dantza saioa amaitzen ari ginela euria hasi zuen, eta Kontzijopean sartu behar izan ginen, baina bestelakoan aterri egon da”.