Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, Arrietakua Jauregiak bere ateak zabalduko ditu
ekainaren 14an, baina publiko orokorrari uztailaren 3an ateak ireki aurretik, inauguraziorako hainbat bisita egingo dira, lurraldeko instituzioekin, turismo teknikariekin eta museo ezberdinetako agenteekin. Tartean, mutrikuarrentzako doako bisita gidatuak ere egingo dira.
Inaugurazioko
lehen bisita ekainaren 14an egingo da, 12:00etan. Bisitara Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Basquetourreko karguak gonbidatu dituzte, baita Euskal Kostaldeko Geoparkeko alkate zein eskualdeko ordezkari batzuk ere. Ekainaren 19an, berriz, bi bisita egingo dira 09:30ean eta 11:30ean, batez ere turismo sektorean Euskadin lan egiten duten teknikoei eta Gipuzkoa eta Euskal Kostaldeko museoei zuzenduak.
Mutrikuko Arrietakua jauregia. Argazkia: Mutrikuko Turismo Bulegoa
Lehen hiru bisiten ondoren, ekaineko bigarren hamabostaldian,
doako hainbat bisita gidatu egingo dira, herritarrei zuzenduak. Horretarako beharrezkoa izango da aurrez Mutrikuko Turismo Bulegoan izena ematea.
Honakoak dira mutrikuarrentzako eskainiko diren bisiten data eta orduak:
- Ekainak 17, 12:00etan eta 17:30ean.
- Ekainak 21, 09:30ean eta 12:00etan.
- Ekainak 22, 09:30ean, 12:00etan (gazteleraz) eta 18:00etan.
- Ekainak 26, 09:30ean eta 12:00etan.
- Ekainak 27, 09:30ean eta 12:00etan.
- Ekainak 28, 09:30ean eta 12:00etan.
- Ekainak 29, 09:30ean eta 12:00etan (gazteleraz).
Uztailaren 3tik aurrera
astean bitan publiko orokorrarentzako bisitak egingo dira, euskaraz zein gazteleraz. Sarreren zuzeneko salmenta Mutrikuko, Debako eta Zumaiako turismo bulegoetan edo Euskal Kostaldeko
Geoparkearen webgunearen bidez egingo da –Datak, ordutegia eta erreserbak
Geoparkearen web gunean ikus daitezke–. Bisitaren prezioa 10 eurokoa izango da 12 urtetik gorakoentzat. 4-12 urte bitartekoentzat 5 euro eta Mutrikuko ikastetxe eta 4 urte baino gazteagoentzat doakoa izango da. “Sarreren salmentatik jasotako etekinak, jauregiaren gastuak eta bisita gidatuen kostua murrizteko erabiliko da”.
Jauregia interes arkitektonikoagatik eta bere horma tartean gordetzen dituen historiarengatik bereizten da
Aurreratu dutenez, bisitari kopurua mugatua izango da.
Gehienez 15 pertsona egongo dira bisita bakoitzean eta udalak izendatutako teknikoek burutuko dituzte. Ordu eta erdiko bisita Mutrikuko turismo bulegoan hasiko dira, eta ondoren Areilza Txurruka familiaren jauregian ikusgai egongo diren guneak ikusiko dituzte. “Bisitariek Euskal Kostaldearen itsas historian murgiltzeko aukera izango dute XVIII. mendeko jauregi zoragarri honetan barrena; Antonio de Gaztañeta eta Kosme Damian Txurruka itsasgizonena izandako jauregi honetan gaurdaino bertan bizi izan da familia eta bere horretan mantendu da, Mutrikuko hirigune historikoan”.
Arrietakua XVIII. mende hasieran eraiki zen, eta Mutrikuko Konde Kaleko 9. zenbakian dago kokatuta.
Interes kulturaleko ondare izendatuta dago, Kultura Ministerioaren aginduz, 1964ko urtarrilaren 17tik eta Gipuzkoan gordetzen den ondare baliabide garrantzitsua da. Jauregia Mutrikuko Hirigune Historikoaren parte da.
Jauregia interes arkitektonikoagatik eta bere horma tartean gordetzen dituen historiarengatik bereizten da. “Jauregia bizi izan duten pertsonen historia bikaina da: marinel eta itsas gizon handiak, zientzialariak, Armadako ofizialak, ingeriariak eta Estatu gizonak”. Jauregiak familiak horiek nola bizi ziren erakusten du, fideltasun handiarekin.
Antonio de Gaztañeta Almirantea izan zen (1656-1728) jauregia eraiki zuena XVIII. mende hasieran, Arrietatarrena izandako dorretxearen aztarnen gainean. Egungo eraikuntza
barroko estilokoa da, frente monumental handiarekin, lehen bi solairuetan harlandua eta hargin lana azken bi solairuetan. Dekorazio elementuak gutxi dira: armarria, balkoietako burdin lana eta teilatu hegal zabala.