Bazkideen garrantzia eskertu nahi du Xemein Abesbatzak
Xemein Abesbatzeko bazkideek ezusteko atsegin bat eduki dute aurten. Markina-Xemeingo abesbatzak bazkideek eskaintzen dioten babesa eskertu nahirik, oparitxo bat egin nahi izan diete, eta, beraz, bazkide txartela edukiko dute guztiek, hemendik aurrera....
Kantuan hasi zirenetik proiektua sostengatzea ahalbidetzen duten bazkideen babesa izan du Xemein Abesbatzak. Gaur egun 150 dira abesbatzaren lagunak, eta urte guzti horietan bazkideen egitekoa nahikoa ezkutuan egon dela azaldu dute abesbatzeko kideek. «Urtean behin kontzertu bat eskaini diegu soilik». Hori dela eta, hemendik aurrera bazkideen garrantzia nabarmenduko dutela azpimarratu dute. «Bazkide txartela lehen oparitxoa izango da, baina gehiago izatea aurreikusten dugu, kontzertuen sarrerak erosteko deskontuak, esate baterako, merezi dute eta».
Bazkide egiteko aukera, gainera, ez dagoela mugatuta zehaztu du abesbatzak; nahi duten guztiek egin dezakete. Hori dela eta, bihar 19:30etik aurrera alde zaharrean egongo dira Xemein Abesbatzeko kantariak kaleak musikaz alaituz, eta bazkide egiteko aukera ere eskainiko dute.
Sarrerak
Bestalde, Xemein Abesbatzak ekainaren 29rako antolatu duen V. Xemeingo Gauaren sarrerak ere salduko dituztela jakitera eman dute, Arkuetan eta Zeharkalean egingo dituzten ekitaldietan. Xemeingo parrokian izango da emanaldia 22:00etan.