50 bat tabernak egingo dute Bermeo Tuna Pintxo Tourra
Uztailean eta abuztuan herriko tabernek hegalabur eta hegaluze pintxo bereziak eskainiko dituzte. Ekimena Bermeorako Enplegu Planaren barnean dagoBermeo Tuna Pintxo Tour ekimenak hegalaburra zein hegaluzea dastatzeko eta gozatzeko aukera eskainiko du h...
Uztailean eta abuztuan herriko tabernek hegalabur eta hegaluze pintxo bereziak eskainiko dituzte. Ekimena Bermeorako Enplegu Planaren barnean dago
Bermeo Tuna Pintxo Tour ekimenak hegalaburra zein hegaluzea dastatzeko eta gozatzeko aukera eskainiko du herriko 50 taberna inguruk prestatutako pintxoen bidez.Maiatzean Arrain Azokan aurkeztu zuten Bermeo Tuna World Capital proiektuaren barnean dagoen lehenengo ekimena da Tuna Pintxo Tour. BTWCaren aurkezpenean nabarmendu zutenez, gastronomia proiektuaren atal garrantzitsu bat da, eta ekimen horregaz, Bermeo hegaluzearen hiriburua dela argi utzi nahi dute udalak eta tabernek.
Horren berri emateko, Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo eta Garapen zinegotzia, Bego Gangoiti Turismo teknikaria, Nere Mintegi Behargintzako zuzendaria, Patxi Erauzkin Bermeoko tabernen ordezkaria eta Karmele Sanchez proiektuaren dinamizatzailea bildu dira.
Ormaetxeak azaldu duenez, ekimena uztailean eta abuztuan egingo dute, Bermeorako Enplegu Planaren eta herriko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren baitan.
Hala, uztailean, BTPTa hasterakoan, tabernen kokapena azaltzen den plano bat banatuko dute parte hartzen duten tabernetan eta herriko turismo bulegoan. Hegaluze pintxoak jaten diren bakoitzean, tabernek zigilu bat emango dute, eta horietako hamar lortuz gero, Aita Guria baleontzira doako sarrera bat irabaziko dute parte hartzaileek. Bikote batek parte hartuz gero, bi zigilu soilik errepika litezkeela adierazi dute arduradunek.
«Ordu askoko lana»
Proiektua aurrera eramateko, «ordu askoko lana» egin behar izan dutela nabarmendu du Turismo zinegotziak, eta «emaitza ona izatea» espero dute. Ormaetxeak ekimenaren garrantzia azpimarratu du, bisitari, herritar zein tabernarientzako herriko «eskaintza turistikoa zabaltzeko» balioko duela adieraziz. Lortzea «oso positiboa» dela uste du.
Ekimen zaporetsu horren antolatzaileek herritar eta bisitari guztiak pintxoen ibilaldi hori egitera gonbidatu dituzte, «Bermeok itsasoagaz duen loturagaz eta bere gastronomiagaz gozatu» ahal izateko.