Santiagoak eta santanak, herritarrak elkartzeko jaiak
Santiago egunez batu ziren atzo, eta Santa Ana eguna ospatzeko elkartuko dira gaur Busturia, Kortezubi eta Morgako herritarrak. Nabarniztarrek, berriz, domeka aukeratu dute ospakizunetarako.Jai egunetan murgilduta daude Busturialdeko herrietan; Kortezu...
Santiago egunez batu ziren atzo, eta Santa Ana eguna ospatzeko elkartuko dira gaur Busturia, Kortezubi eta Morgako herritarrak. Nabarniztarrek, berriz, domeka aukeratu dute ospakizunetarako.
Jai egunetan murgilduta daude Busturialdeko herrietan; Kortezubin, Morgan eta Busturiko Axpe auzoan. San- tiago eguna ospatu zuten atzo herritarrek, eta gaur, Santa Ana eguna ekintzez beteko dute. Nabarniztarrek, bestalde, domekan ospatuko dute Santiago eguna.Martitzenean hasi ziren busturiarrak Axpe ekintzez betetzen. Atzo euskal dantzekin bete zuten. Goizean meza entzun eta gero, eliza aurrean askotariko dantzak egin zituzten Irrintzi Alai dantza taldekoek; beraien 50. urteurrena ospatu zuten. Mutil eta neskek egin zuten dantza, eta batera zein banaka aritu ziren Busturiko alkate, zinegotzi eta herritarren aurrean. Txaloz animatu zituzten dantzariak; ondoren, trikipoteoan abiatu ziren guztiak auzoko tabernetan zehar.
Arratsaldean, mozorro eta karrozen desfileagaz herria koloreztatu zuten, eta gaur, nagusi, gazte eta txikiak idi probetan eta txokolate janean batzeko aukera izango dute.
Jaiek hurrengo egunetan ere jarraituko dute, zapatura arte hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango baitute herrira hurbiltzen direnek.
Kortezubitarrak jai nagusietan murgilduta daude egunotan; ez dute etenik izango zapatura bitartean. Atzo, meza santuagaz hasi zuten eguna, eta ondoren, bakailao jana egin zuten. Herritarrak frontoian batu ziren sortutako giroaz gozatzeko, eta inguru horretan igaro zuten eguerdia bakailaoagaz bapo bete arte. Arratsaldean, gainera, kale antzerkia izan zuten aukeran denen gozamenerako; kalez kale jarraitu zuten emanaldia herritarrek.
Santana eguna ospatzeko, gaur ere meza egingo dute, eta arratsaldea gizon probekin beteko dute. Gainera, 20:30ean Kike Biguriren bakarrizketa izango dute aukeran kortezubitarrek.
Morgatarrak ere jai nagusiak ari dira ospatzen atzotik. Meza, dantza eta pintxoak izan ziren protagonistak, eta horien inguruan batu ziren herritarrak.
Gaur meza nagusia egingo dute, eta bihar, txitxiburduntzia. Egun handia, baina, zapatuan izango da; herri bazkaria, musika emanaldia eta erromeria izango dituzte aukeran.