Baxurako ontzi asko, baina arrain gutxi portuetan

Egunotan baxurako arrantzontzi asko itsasoratu dira arrain nahian, baina arrain oso gutxi lehorreratu dute Ondarroako portuan. «Arrantzaleak sardina arrantzatu nahian dabiltza, baina ez dute aurkitzen. Urak ere nahikoa epel jarraitzen du oraindik, eta ez da agertu inguruotan». Kalare Deuna kofradiako arduradunek jakitera eman dutenez, batez ere, betandia saldu dute bentan.

Betandi gutxi saldu bada ere, nahikoa merke saldu da; kiloa 55 zentimo inguruan. Tamaina aldetik ere txikia izan da lehorreratu dutena; kiloan lauzpabost ale sartzen dira. Atzo, goizeko lehenengo orduetan, esate baterako, Egidazu Kaian arraina deskargatzen ibili ziren ontzi gehienek betandia lehorreratu zuten.

Aurreko egunetan, beste alde batetik, 10.000 bat kaxa lehorreratu zituzten. Eguaztenean 6.000 kaxa inguru saldu zituzten eta martitzenean, berriz, beste 4.000 bat kaxa.

Betandiaz gain, haginzorrotza ere lehorreratu dute asteon. Kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, bi bat ontzik lehorreratu dute, baina oso gutxi izan da kopuru aldetik. «600 bat kaxa lehorreratu ditu ontzi bakoitzak, gutxi gorabehera. Ale bakoitza hiru bat kilokoa izan da, eta haginzorrotz kiloa 3 euro bueltan saldu dugu benta lekuan».
Ez dago iruzkinik

Send this to friend