Garbiñe Delgado Raack: ‘Ez dakidalako’

Zer da jakitea? Ohikoa da jakintza edo ezaguera gehigarri eta unibertsala den zerbait bezala ulertzea: honen arabera, bizitzan gero eta adimen gehiago izango dugu eta gainera gauza berriak ikasten goazen heinean gero eta jakitunagoak izango gara. Bestalde, ezagutu daitekeena edo behar dena hemen, Euskal Herrian, zein munduko beste edozein lekutan berdin-berdina da; gaur, bihar zein duela ehun urte.

Zientzia ulertu ohi da ezaguera berria lortzeko bide bakartzat edo fidagarrienentzat, eta jakintza hau, besteak beste, liburuetatik, ikus-entzunezkoetatik edo pertsonatik pertsonara transmititu zein jazo daiteke, bizi garen tradizioaren arabera, behintzat. Zientziak eta jakituriaren transmisio honek Egiara (maiuskulaz, gure ustetan egia bakar bat dagoelako) garamatzala ulertu ohi dugu.

Garbine Deldago RaackHiztegian jakinduria edo jakituria pertsona batek ezagutu eta ulertzeko duen bertute eta trebezia, eta arlo edo gai batean duen ezagutza sakona bezala aurkitzen dugu definiturik.

Ipar Ameriketatik uste dut etorri zitzaigula duela hamarkada batzuk jakituria teorikoa eta teknikoaren arteko desberdintasuna: lehena zerbaiti buruz jakitea da, jakintza deskriptiboa, eta bigarrenak nola galderari erantzuten dio, prozedurari dagokio beraz. Soziokonstrukzionismotik oso hurbil lanean aritu zen John Shotterrek, bere aldetik, harremanari lotutako ezagutzari buruz hitz egiten hasi zen: hau da, elkarrekin bizitakoaren banakotasunetik jaio den jakituria, elkarlotutako orainean sortutakoa.

Izan ere, soziokonstrukzionismoarentzat adimena tokikoa da eta momentu historiko zein kulturaren menpekoa. Hortaz, aldi baterakoa da, eta sortu den komunitateari lotzen zaio. Esaterako ur botila bezala daukagun gailu baten aurrean kimikari bat materialen konposizioaz arduratuko da; fisikariak, bere aldetik, hauen egoera aztertuko du; arte-ederretako ikasleak diseinu eta estiloan erreparatuko du eta ekologista batek ingurugiroarentzat suposatzen duen kaltea azpimarratuko du. Denak ala denak, ur botilari buruz aritzeko era egokiak lirateke, jakituriaren bat aintzat hartuta. Jakituria horri lotutako giza talde bakoitzari, halaber, ur botilatik aspektu desberdinak interesatzen zaizkio.

Horren guztiaren ondorioz, jakintza edo egia askotako mundu batean bizi gara, komunitate bakoitzak egiatzat duena adostuko baitu, eta horretarako bere aurreiritzi, sinesmen eta balioetatik abiatuko baita.
Soziokonstrukzionismoak erronka polit eta beharrezko batetara luzatzen digu gonbitea: jakintza mota guzti hauek aintzat hartu eta elkarrizketan jartzea, hain zuzen elkar ezagutzen ez duten atomizatutako munduak saihesteko.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend