Betandi asko lehorreratu dute asteon Ondarroan

Baxurako euskal arrantzontziekin batera Kantabriako eta Asturiasko ontzi asko ibili dira egunotan arrantzan. Eta Ondarroako Egidazu Kaian arraina porturatzera etorri direnek betandia arrantzatu dute gehienbat.

Kalare Deuna kofradiako arduradunek adierazi dutenaren arabera, 300 tonatik gora saldu dira egunotan Ondarroan. Eguaztenean [urriak 24], esaterako, 200.000 bat kilo saldu zituzten bentan; martitzenean [urriak 23], berriz, zer edo zer gutxiago lehorreratu zuten, “100.000 kilotik gora”.

Betandia deskargatzen Ondarroan

Betandia deskargatzen Ondarroan

Gaur [urriak 25] goizean ere, eguna argitu orduko portuko gunea arrainez bete-beteta eta giroa pil-pilean zegoen. Portuko beharginen eta erosleen joan-etorria handia izan da eta, bien bitartean, ontzi askotako marinelak arraina deskargatzen zebiltzan gelditu barik, ontzi gehiago portuan sartzen ari ziren bitartean.

Kopuru aldetik betandi asko lehorreratu dutenez, aurreko astean baino merkeago saldu dute arraina bentan. Batez beste, 0,42 zentimotan saldu dute kiloa. Oro har, Donostia eta Zarautz artean arrantzatutako betandi gaztea porturatu dute egunotan.

Sardinari dagokionez, berriz, asteon ere nahikoa gutxi arrantzatu dute. Eguaztenean, esate baterako, 4.000 bat kaxa porturatu zituzten, eta gaur ere, Landetako parean arrantzatutako sardina haziekin betetako kaxa gutxi batzuk lehorreratu dituzte ontziek. Prezioari dagokionez, nahikoa merke saldu dute arraina. Egunsentian arrantzatutakoa 80 zentimo eta euro bat bitartean saldu dute; gaua egin aurretik arrantzutakoa, berriz, zer edo zer merkeago saldu dute, 70 zentimo bueltan.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend