Ane eta Nora Agirre (Biren): “Biren taldeagaz zer pasako den ezin dugu aurreikusi”

Ondarroako ahizpa bikiek (Ane eta Nora Agirre) Euskal Herriko hainbat plaza ezagutu dituzte udan, kantu propioz osatutako maketa kaleratu ostean. Ikasketak tarteko, etenaldia egingo dute.

Zelan sortu zen Biren taldea?
Nora Agirre:
Kantatzea umetatik gustatu zaigu, baina orain hiru urte Markina-Xemeinera Batxilergoa ikastera joan ginenean hasi zen loratzen proiektua.

Zelan ba?
N.A.:
Kantu ekitaldietan zebiltzan bi neska ezagutu genituen bertan. Berez, hiru ziren taldean, baina batek taldea utzi zuenez, beste baten beharra zuten ekitaldi baterako, eta bazekitenez guk kantatzea gustuko genuela, eurekin joateko eskatu ziguten. Ondo irten zuen denak, eta handik aurrera laurok batera hasi ginen. Lauron artean Algara taldea sortu genuen, eta aldi berean, Anek eta biok, Biren sortu genuen. Kantu ekitaldietan kantatzen hasi ginen, eta Bizkaiko Kantu Txapelketa ere urte horretan zenez, parte hartzera animatu ginen.

Zelan joan zen esperientzia?
N.A.: Bizkaiko Txapelketa irabazi genuen bikote eta laukote modura. Handik Euskal Herriko txapelketarako sailkatu ginen, eta hirugarren amaitu genuen kategoria bietan.

Eta gero, zer?
A.A.: Aurretik beste batzuen kantuak bertsionatzen genituen, eta kantu txapelketa Izua  gure kantu propioagaz irabazi genuenez, hortik aurrera Bireni denbora gehiago eskaini, eta kanta gehiago sortzea erabaki genuen.

Ane eta Nora Agirre (Biren).

Ane eta Nora Agirre (Biren).

Hitzak zelan sortzen dituzue?
A.A.: Gauza txikiei erreparatzen diegu, eta hortik hainbat ideia sortzen zaizkigu. Aldi berean, bizitzako gauzei buruz hausnartu eta horiek idatziz jasotzeko ohitura dugu. Gure kantuak, azkenean, hausnarketa horietatik datoz.

Maketan hiru kantu jaso dituzue. Zer gairi buruzkoak dira?
N.A.: Izua bion artean idatzi genuen lehenengo kantua izan zen, eta jendarte patriarkatuari buruzko kritika bat da.
A.A.: Non da muga, berriz, askoz filosofikoagoa da. Galdonan bizi gara, eta iluntze batean etxera ailegatu ginenean, itsasoari begira jarri nintzen. Itsasoa eta zerua beltz ikusten nituen, puntu zuri batzuekin, baina ez zen bata eta bestearen arteko muga bereizten; denak plano bat ematen zuen. Horrek zer pentsatzera eraman ninduen: askotan arazo artean gaudenean dena beltz ikusten dugu, eta ez dugu haratago irtenbide bat bilatzeko gaitasunik. Baina eguna argitzen duenean eta gauzak argiago ikusita, gauzak beste era baterakoak direla kontatu nahi nuen abesti horregaz.
N.A.: Begiratu ala ikusi nik idatzi nuen. Nire ustez begiratzea eta ikustea ez da gauza bera. Niretzako begiratzea azalean geratzea da. Ikustea, aldiz, atzean zer dagoen ikustea eta hor hobeto sakontzea izango litzateke. Kanta honekin zera nahi nuen esan: jendeak begiratu egiten duela, baina haratago ez duela sakontzen.

Maketa ere grabatu duzue. Non lortu daiteke?
A.A.: Mutrikuko Txalaparta eta Zubiaram tabernetan erosi daiteke.

Uda kontzertu sasoia izan ohi da. Ondo joan da zuenean?
N.A.: Bai. Egia esan, udan espero baino kontzertu gehiago izan ditugu. Alde batetik ez bazen, gutxien pentsatzen genuenean beste toki batetik deitzen ziguten. Ia-ia astero eduki dugu kontzerturen bat. Hainbat tokitan jotzeko aukera eduki dugu, gaztetxeetan, tabernetan, kanpinetan, jaietan… Eskatu diguten leku danetan. Esperientzia oso polita eta aberasgarria izan da guretzat; gustura geratu gara.
A.A.: Horrenbeste tokitatik deitzen dizutenean jendeak norbere musika gogoko duenaren adierazle da, eta horrek, beti ematen dizu poza. Taularatzen duguna, azkenean, gure sorkuntza bat da, eta hori jendearengana ailegatzea nahi duzu. Hori benetan jendearengana ailegatu dela ikusten duzunean, berriz, ilusio handia egiten dizu.

Izua kantuaren bideoklipa ere estreinatu duzue orain dela gutxi. Zelan joan da esperientzia?
N.A.: Aurtengo udan Izua kantuaren bideoklipa grabatu dugu, ustekabean.

Eta hori?
N.A.: Ezagun batek, Eneko Elezgaraik bideoklipak egiten ditu. Berbetan hasi ginen, eta grabaketa egiteko planak irten zuen. Burua berotu, eta lehenengotik egin genuen gauza bat izan da. Handik astebetera-edo martxan jarri ginen. Dena jarraian grabatu genuen. Oso ondo joan da esperientzia, eta pila bat ikasi dugu elkarrengandik. Antzerkia, dantza, musika…, arteak lotzen dituen arlo denak uztartzen ahalegindu gara gure lehenengo bideoklipean, eta, aldi berean, guk igorri nahi genuen mezua helarazten ere ahalegindu gara.

Zer erantzun izan du?
A.A.: Lanak erantzun polita izan du, ikusi duen jende guztiak zoriondu gaitu.

Etorkizunerako ze asmo daukazue?
A.A.: Argitaratu ditugun hiru kantek eduki duten oihartzuna eta kanta propioak askoz gusturago jotzen ditugula ikusita, disko bat grabatzeko asmoa daukagu, beti ere, beste kanta batzuk sortzen ditugun heinean. Hori bai, ni orain Belgikan nago Eramus bekagaz ikasten, eta Nora, berriz, Sevillan. Ikasturte guztia kanpoan igaroko dugu, beraz.

Etenaldia egin beharko duzue orduan.
A.A.: Esperientzia berriek inspiratzen gaituzte idaztera, eta zentzu horretatik ondo baino hobeto etorriko zaigula sinetsita nago.
N.A.: Etenaldia, gutxienez, ikasturte osokoa egin beharko dugu derrigorrean, tarte horretan kanpoan egongo gara eta. Nahikoa era sikuan egin behar izan dugu etenaldia, gainera. Bizitzak ez dakigu zer ekarriko digun, eta, horrenbestez, ezin dugu ezer ziurtatu; ezta Birenek jarraituko duen ala ez. Anek eta biok beti jarraituko dugu kantatzen. Gure zaletasuna eta pasioa da kantatzea, baina Biren taldeagaz zer pasatuko den ezin dugu aurreikusi. Ikusiko dugu urtea zelan joaten den; bakoitzak zer bide hartzen duen. Hori aurrerago pentsatu behar den gauza bat da, baina kantua gure bizitzan beti egongo da.

Ane eta Nora Agirre Biren musika taldea

Ane eta Nora Agirre Biren musika taldea

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend