Talaixa Triatloia Klubak eta Mutrikuko Udalak elkarlanean antolatuta, XVI. Herri Krosa egingo da zapatuan [azaroak 17]. Lasterketa
16:30ean hasiko da Goiko Plazan, eta bertan 16 urtetik gorako kirolariek parte hartzeko aukera izango dute. Herriko kirolariak proban parte hartzera gonbidatu dituzte.
Probak parte hartu nahi dutenek
Herrikrosa web atarian eman dezakete izena aurretiaz. Era berean, zapatuan bertan ere izena emateko aukera ere egongo dela gogorarazi dute antolatzaileek. Aurretik izena ematen dutenek 12 euro ordainduko dute, eta egunean bertan izena ematen dutenek, aldiz, 3 euro gehiago. “Lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago itxiko da izena emateko epea”.
Mutrikuko Herrikrosa. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Kirol probari dagokionez, kostaldeko errepidetik zehar, Debara joan-etorria egingo dute korrikalariek. Mutrikuko udaletxe aurretik irten eta Debako zubi zaharrean Casacampo deritzon eremuan zirkuitu bat egin ondoren, buelta egingo dute,
10 kilometroko ibilbidea osatuz. Antolatzaileek iragarri dutenez, probak irauten duen tartean lasterketaren zentzuan doan errepide zatia itxita egongo da. Hori dela eta, pazientzia eskatu die gidariei.
Parte hartzaile guztiek kamiseta bat jasoko dute opari, eta
lehen hiru sailkatuek txapela eta garaikurrak jasoko dituzte. Era berean, helmugaratzen den lehen emakumezkoak eta gizonezkoak ere garaikur berezia jasoko du.
Kros Txikia. Nagusiek, ez eze, herriko gaztetxoek ere euren neurrira moldatutako Kros Txikia egiteko aukera izango dute, 16:00etan hasita. Antolatzaileek bi lasterketa motz antolatu dituzte adinaren arabera, kirola sustatzeko asmoarekin. Gaztetxoen parte hartzea doakoa izango da, Eskola Kirola proiektuak lagundutakoa baita.
LH3 eta LH4koentzat 600 bat metroko lasterketa prestatu dute. Samikollako ermitaraino joan beharko dute Goiko Plazatik hasi eta Atxitxin kaletik igarota. LH5 eta LH6koek, berriz, ibilbide luzeagoa bete beharko dute, 1.200 bat metrokoa; Santabataraino joan-etorria. “Proba biak partzialki neutralizatuak izango dira, azken metroetara arte”.