Ondarroako eskaintza kulturala aberastera dator III. Orrigorri

Urtebeteko atsedenaldia hartu ostean, ate joka dator III. Orrigorri ekimen literarioa. Domekan [azaroak 25] hasi eta Gabonetara bitartean, literaturaren topagune bihurtuko da beste behin ere Ondarroa.

Joxe Mari Urteaga idazle eta kultur eragileak nabarmendu duenez, Orrigorri Ondarroako eskaintza kulturala aberasten duen ekimena da Marabilli, Literatur Amuak, Sare Artin eta beste ekimen batzuekin batera. “Ekosistema kultural osasuntsua dugu herrian, eta denon ardura da bakoitzari dagokigun esparrutik hauek zaintzea”.

Aiert Goenaga ekimen literarioaren arduradunak azpimarratu duenez, aurten ere hastapeneko helburuak mantenduko dituzte. “Euskal kulturaren transmisioa lantzeko bitarteko eraginkor bat izateko asmoz, herriko kultur eskaintza osatu eta herritarrak euskal literaturara gerturatu nahi ditugu”.

Orrigorri egitasmoaren aurkezpena. Ezkerretik eskumara: Gotzon Barandiaran, Aiert Goenaga, Rafa Rueda eta Joxe Mari Urteaga. Argazkia: Orrigorri

Orrigorri egitasmoaren aurkezpena. Ezkerretik eskumara: Gotzon Barandiaran, Aiert Goenaga, Rafa Rueda eta Joxe Mari Urteaga. Argazkia: Orrigorri

Hori bai, ekimena aldaketa batzuekin dator aurten. Alde batetik, lekua bera aldatuko da; Arrigorri hondartzako Moby Dick tabernan egingo dira solasaldiak. Beste alde batetik, komunikazio estrategia bestelakoa izango dela nabarmendu du Aiert Goenagak. “Aldez aurretik kartel osoa zeintzuk osatuko duten esan ordez, solasaldi bakoitzaren aurreko egunetan esango dugu zein datorren. Zer edo zer desberdina probatzearren, batez ere. Hala ere, aurrez esan genezake programazioaren kalitatea punta-puntakoa dela, eta honenbestez, oso pozik gaudela hain baliabide urriekin lortu dugunarekin”.

Egitasmoari dagokionez, ohi modura, hainbat euskal idazlek aurkezpenak egingo dituzte, solasaldi formatuan. Zikloari hasiera Iñigo Aranbarrik emango dio Munduko tokirik ederrena liburuari buruzko berbaldiagaz, domekan, 11:30ean. Gogorarazi dutenez, sarrera doakoa izango da, eta inguruko literatura zale guztiei bertaratzeko gonbitea luzatu diete antolatzaileek.

Gotzon Barandiaran idazleren iritziz, formatua txikia eta oso aberasgarria izango da hartzailearentzat. “Alde batetik, literaturaz gozatzeko ematen diren baldintza desberdinengatik, eta, bestetik, solasaldian hartu emana bi norabideetan ematen delako”. Gaineratu duenez, sentsazioi eta ideia trukaketa ematen da sortzailea eta hartzailearen artean. “Sortzaile eta hartzaile garenontzat oso garrantzitsuak dira komunikazioa errazten duten honelako dinamikak”.

Rafa Rueda musikariak azaldu duenez, musikariak literaturaren hartzaile izateaz gain beronekin lan egiten du egunerokoan. “Bertatik edaten dugu gure abestiak konposatzeko eta honenbestez, oso modu positiboan hartzen ditugu gure ofizioaren parte dugun esparrua indartu eta publikora modu desberdinean iristeko antolatzen diren ekimen guztiak”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend