Etxelilaren 5. urteurren jaia ospatuko dute hilaren 14an

Etxelilaren ibilbidea balorean jartzeko jaialdia izango da. Urteurrenaren harira sortu duten kantua ere estreinatuko dute. Brindisagaz amaituko dute ekitaldia

2013. urtean ireki zituen ateak Etxelila Emakumin Topalekuak. Aurten bost urte beteko dituela eta, ekitaldi berezia prestatu dute Etxelilak, Berdintasun Sailak eta Ondarroako Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluak elkarlanean. Ospakizun jaia hilaren 14an 18:00etan izango da, Etxelilan bertan.

«Etxelilaren ibilbidea balorean jartzeko jaialdia» izango dela aurreratu dute. Ekitaldiaren hasiera Andrabandak girotuko du, eta Bea Egizabal Ollokiegi klown feminista izango da aurkezlea. Emakume elkarte eta talde feministek ere hartuko dute hitza.

Urteurren borobilaren harira, beste alde batetik, Etxelilari buruzko abestia sortu du Azalera taldeko Lorea Zulaika Arriagak, Uxue Alberdi Estibaritz bertsolariaren hitzekin. Abestia urteurren ekitaldian aurkeztuko dute zuzeneko kontzertu akustiko bategaz, Goretti Serrano Akarregi (Susunkordan taldeko kidea) eta Nerea Larrinaga Sanchezek eta Amaia Cabero Saizar dantzariak lagunduta.

Ekitaldi osoan Txakur Gorria taldeko kideek kontaketa grafikoa ere egingo dute, ospakizuna irudi bidez jasoz. Eta ospakizunak iraun bitartean, gainera, Artestura feministak izeneko erakusketa egongo da ikusgai. Ekitaldia brindis bategaz amaitzeko asmoa agertu dute, «asko dagoelako ospatzeko».

Txakur Gorria taldeak diseinatutako kartelak eta koadernoak kaleratuko dituzte Etxelilaren urteurrena gogoratzeko.

Erreferentziazko gunea

Etxelila sortu zenetik erreferentziazko gunea bihurtu da herriko emakumeentzat, eta, oro har, mugimendu feministarentzat aterpe bihurtu da. «Emakumeen etxeak parte hartze soziala eta politikoa bultzatzeko espazio feministak dira. Emakumeak politika publikoetan jarduteko, laguntza eta elkartasun sareak sortzeko eta ahalduntze prozesuak sustatzeko espazioak dira».

Rosa Baltar berdintasun teknikariaren iritziz, Etxelila proiektu amaitezina da, «bizirik dagoena eta dinamikoa; eta, aldi berean, emakumeen beharrizan estrategikoetara egokitu behar dena». Era berean, Etxelilaren izaera parte hartzailea azpimarratu du.

Bisit Beiro Badiola berdintasun zinegotziak gogorarazi duenez, herriko mugimendu feministaren aldarrikapenei erantzunez jarri zuten martxan Etxelila. «Emakumeentzako espazio bat behar zenez, horren aldeko apustua egin zuen udalak. Orain jarraipena eman behar diogu hasitako bideari».

Orduz geroztik hainbat jarduera egiten dira Etxelilan. Horietatik garrantzitsuenetako bat da Emakumeentzako Jabekuntza Eskola. Azken bost urteotan 100 ikastarotik gora antolatu dira, eta horietan, 500 emakume inguruk parte hartu dute. Horrez gain, Etxelilak eta Berdintasun Sailak elkarlanean, beste hainbat ekintza antolatzen dituzte (hitzaldiak, liburu aurkezpenak, zine forumak...). Erakusketek ere leku nabarmena daukate.

Azpimarratu dutenez, Etxelilako jarduera nagusiaren protagonistak parte hartze guneak dira: Neska Gazteen Txokoa, Literatura taldea, Aringaingan taldea eta Andrabanda Feminista. Hainbat emakume elkartek ere erabiltzen dute espazioa; hala nola, Boga-Boga elkarteak, 7 emakume en movimientok eta Uxu Emakumeen Taldeak.

Etxelila, gainera, etengabe harremanetan dago udaleko gainerako berdintasun proiektuekin. Esaterako, Ondarroako Hezkidetza egitasmoagaz.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend