10.000 kilotik gora elikagai batu dira herritarrei esker Lea-Artibai eta Mutrikun
Dirua ere batu dute bonuen bidez, Gabon bezperetan janari freskoa erosi ahal izateko. Boluntarioek eskerrak eman dizkiete kanpainan parte hartu dutenei, emandako laguntzagatikElikagaien bankuetarako egindako Gabonetako bilketa bereziak pozik utzi ditu ...
Dirua ere batu dute bonuen bidez, Gabon bezperetan janari freskoa erosi ahal izateko. Boluntarioek eskerrak eman dizkiete kanpainan parte hartu dutenei, emandako laguntzagatik
Elikagaien bankuetarako egindako Gabonetako bilketa bereziak pozik utzi ditu Lea-Artibai eta Mutrikuko boluntarioak. Elkarte ezberdinen bitartez egin dute beharrizan gehien daukatenentzako janari bilketa berezia, eta balorazio positiboa egin dute guztiek. 10.000 kilo elikagai baino gehiago batu dituzte.Markina-Xemeinen Caritas elkartearen eskutik egin da bilketa. Aurtengoa bilketa berezia egin duten lehen aldia izan da, eta emaitzagaz oso pozik daudela aitortu dute. «Espero genuena baino gehiago jaso dugu, bai zuzenean emandako elikagaien bitartez eta baita bonuen bidez ere». 3.190 kilo batu dituzte janaritan, eta 1.905 euro bonuen bidez. «Horrelako erantzunak hurrengoan ere jarraitzeko gogoa ematen du, herritarren babesa ikusten delako». Elkartasuna badagoela azpimarratu dute, eta horren adibide gisa ordu puntetan jendearengana ezin helduta ibili direla gaineratu dute. 26 boluntario aritu dira lanean Markina-Xemeingo supermerkatuan, horietako asko gazteak: «Gaztean eduki ditugu laguntzen, eta horrek asko poztu gaitu. Esperientzia ona dela uste dugu eurentzat ere, eta guztiz eskertuta gaude».
Lekeition herriko hiru dendatan batu dituzte elikagaiak, eta Marisol Iturraspe Lekeitioko Elikagaien Bankuko arduradunak esan du pozik geratu direla hiru bilketek emandako emaitzekin. Kiloetan zenbat izan den zehatz ez badakite ere, 20 kaxa handi denda txikietan eta 115 kaxa denda handian batu dituztela esan du. Hamahiru herritar ibili dira boluntario lanetan, eta guztiak lekeitiarrak izateak eragina izan duela uste dute: «Herritarrak izatearen gertutasun hori dela eta batu dugu gehiago, beharbada». Bonuak ere oso ondo joan direla azaldu du Iturraspek.
Mutrikun 1.133 kilo batu zituzten herriguneko dendetan. Dia supermerkatuan batutako kopurua zuzenean Bergarako biltegira eraman dutenez, ez daukate kopuru zehatza jakiterik. Hala ere, balorazio positiboa egin dute, eta gaineratu dute herriko dendetan jarritako itsulapikoetan beste 978 euro batu dituztela Gabonetako egunak iristen joan ahala elikagai freskoak erosi ahal izateko.
Ondarroan Danonartin elkarteak kudeatu du bilketa, eta 3.200 kilo batu dituzte. «Betiko modura, jendeak ondo erantzun du, eta guztiei eskerrak eman nahi genizkieke».
Bizkaian, miliotik gora
Bizkaian, esaterako, 1.005.000 kilo batu dituzte guztira, eta Bizkaiko Elikagaien Bankuko presidente Miguel Angel Fernandinoren esanetan, «batutako elikagai kopuruak are gehiago sendotzen du bilketa bereziaren inguruan egindako esfortzua, eta herritarrek daukaten elkartasuna erakusten du».
Elikagaiak batu ostean lurralde bakoitzeko kudeaketa zentrora bidali zituzten, eta guztia batu eta sailkatu ondoren, herri bakoitzari dagokion kopurua jasotzen hasita daude. Elikagaien bankuetatik eta boluntariotzan aritu direnek eskerrak eman nahi izan dizkiete lagundu duten guztiei.
Urteroko kanpaina bereziak helburuak bete dituela esan dute, baina datorren urtean aurtengoa gainditzea espero dute. Gipuzkoan, esaterako, biztanleko kilo bat janari batzea dute ametsa, hau da, 700.000 kilo.