Busturialdea: aniztasun eta konfiantzaren bilgune
Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdeak hainbat herrialdetako bizilagunak elkartu ditu Urdaibai Bird Centerren eta Belendizko txokoan. Bizipen eta kulturak elkartrukatzeko aukera izan dute.Urtebetean gauza ugari egin daitezke: bizipen asko elkarbanatu;...
Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdeak hainbat herrialdetako bizilagunak elkartu ditu Urdaibai Bird Centerren eta Belendizko txokoan. Bizipen eta kulturak elkartrukatzeko aukera izan dute.
Urtebetean gauza ugari egin daitezke: bizipen asko elkarbanatu; asko ikasi eta asko irakatsi. Eman egin daiteke, eta, era berean, jaso. Hainbat pertsona ezagutu daitezke, eta horiekin adiskidetasuna sortu. Konfiantza ere lor daiteke, eta, guztien artean, aniztasuna eraiki.Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak badaki zer den hori; urtebeteko ibilbidean, bizi izan dituelako horrelako asko. Azkenaldian, «zerbait berria eta indartsua» sortzean jarri ditu indarrak, «herri ezberdinetako jendearen arteko konfidantza, aniztasuna eta adiskidetasuna sortuz».
Domekan, esate baterako, Arratzun egon ziren plataformako kideak; hain justu, Belendizko txokoan. Bazkaritan elkartu ziren bertoko herritar ugari, eta Senegal, Boli Kosta, Aljeria, Afganistan, Maroko… herrialdeetako beste hainbat. Janari eta kultura partekatu zuten, bai eta hizkuntzak ere.
Arratzun ez ezik, Gautegiz Arteagan kokatuta dagoen Urdaibai Bird Centerren ere egon dira Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoak, hainbat senegaldarrekin batera. Bertan, zentroak berak eta bertoko hegaztiek Afrikako herrialde horregaz daukaten lotura ezagutzeko aukera eduki zuten.
Migrazio bidaiak
Bertoko hegaztiek Afrikara egiten duten bidaia izan zuten hizpide, besteak beste. Izan ere, hegazti askok udaberria eta uda igarotzen dute bertoko inguruetan, eta migrazio bidaia «luze eta arriskutsua» egiten dute ondoren Afrika aldera, elikagaiak bilatu eta negua igarotzekotan. Helmugara bidean, mendikate, itsaso eta desertuak igaro behar izaten dituztela azaldu dute Urdaibai Bird Centerreko ordezkariek.
Eta hegaztiek egiten duten antzera egin ohi dute Afrikako herritarrek ere, kontrako norabidean. Migrazio bideari ekiten diote senegaldar askok, esaterako, «beraien herriak atzean utzi eta migrazio latzaren ostean gure artean babeslekua bilatzeko».
Bidaia horiez eta herrialde horretako herritarren bizipenez jarduteko tartea ere aprobetxatu zuten Bird Centerreko bisitan.
Eguneko protagonista, berriz, arrano arrantzalea izan zen; hain justu, Cousteau izenekoa. 2016ko udan jarri zioten GPS bat arrano horri, eta ordutik, jarraipen zehatza egin izan diote Bird Centerrekoek. Hain zuzen, urte horretako irailean abiatu zen Urdaibaiko paduretatik, eta gaur gaurkoz, Senegaleko Casamance eskualdean dagoela jakinarazi dute. Afrikan dagoen hegazti hori Euskal Herrira bueltatzeko prest dago.