Mundaka aukeratu dute, zapatuan Artekale Eguna ospatzeko
18:00etan abiatuko da Mundakako portutik antzerki ibiltaria, eta plazan amaituko dute ibilbidea; ondoren, afaria, musika eta dantzaldia egongo dira aukeran plazan bertanMundakako kaleak antzerki, dantza eta bestelako ikuskizunez beteko dira zapatuan, A...
18:00etan abiatuko da Mundakako portutik antzerki ibiltaria, eta plazan amaituko dute ibilbidea; ondoren, afaria, musika eta dantzaldia egongo dira aukeran plazan bertan
Mundakako kaleak antzerki, dantza eta bestelako ikuskizunez beteko dira zapatuan, Artekale Eguna jaialdian. Kale Arte Eszenikoen bosgarren topaketarako Mundaka aukeratu du, kultura eta artea modu herrikoian zabaltzeko.Euskal Herriko hamahiru antzerki taldek parte hartuko dute zapatuko Artekalen: Trapu Zaharra, Dikothomia, Malas Compañías, Suhar Prest, Hortzmuga, La Glo, Toni La Sal, Cia. Barre, Trotamundos, Turukutupa, Gran Rufus, Oihulari Klown eta Pez Limbo. Horiekin batera, Mundakako kultur eta kirol elkarteetako kideek ere parte hartuko dute.
Maiteder Badiola Mundakako Udaleko kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera, «asko dira herriko elkarteek urtean herritarren gozamenerako antolatzen dituzten ekitaldiak. Oraingoan denak elkartu gura izan ditugu zer edo zer berezia jai giroan prestatzeko».
Azaldu dutenez, Mundaka aukeratu dute Artekale Eguna egiteko «bere izaera eta garrantziagatik, turismorako duen erakargarritasun handiagatik eta herriko kultura sustatzeko egiten duen lanagatik». Badiola «pozik» agertu da erabakiagaz: «Artekale elkartearen proposamena jaso genuenetik proposamen oso erakargarria iruditu zitzaigun».
Aurtengo jaialdiaren zuzendari artistiko eta Hortzmuga taldearen zuzendari Raul Cancelok elkarlanaren garrantzia azpimarratu du: «Artekale Eguna antolatzerako orduan, gura lana eta erakundeena bat egiten saiatzen gara. Era berean, aukeratutako herriaren indarrak batzeko ahaleginak egiten ditugu. Gainera, herritarren inplikazioa bilatzen dugu, ez bakarrik ikusle modura, baizik eta ikusle aktibo eta parte hartzaile modura».
Agirresarobe parte
Proposamena diseinatzerako orduan, bestalde, elkarteko kide guztien inplikazioagaz egiten dutela adierazi du Cancelok, bai artistekin zein kudeaketa edota produkzio lana egiten duten horiekin. Taldeak Euskal Herriko hainbat herritakoak izanik, askotan «zaila» izaten dela dio, «askok konpromiso profesionalak bete behar dituztelako». Hala ere, erronka oso atsegina eta esperientzia errepikaezina dela nabarmendu du.
Protagonista berezia izango du, gainera, Mundakako Artekalek, Suhar Prest antzerki taldearen zuzendari Izaskun Agirresarobe mundakarrak parte hartuko baitu. Topaketagaz «oso pozik» dagoela esan du Agirresarobek: «Bereziki, herriko kultur eta kirol elkarteen inplikazioak pozten nau». Izan ere, elkarte horietako ume zein nagusiek parte hartuko dutela aurreratu du. Bestalde, Josu Cabriada mundakarraren laguntza ere goraipatu gura izan du, «berak egin baitu aurtengo kartela».
Istorio bat asmatu dute
Mundakarako asmatutako antzerki ibiltariak Euskal Herria eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB) nahastuko ditu, eta 18:00etan hasiko da Mundakako portuan. Jatorriz Mundakakoa den Idahozabal familia 2016ko urriaren 15ean batuko da Mundakan bertan, Idahon (AEB) 101 urtegaz hildako Julia Idahozabalen hautsak jasotzeko. Julia Idahozabal mundu osoan da ezaguna egiten dituen gaztengatik: Idahozabal gaztak.
Juliaren semeek amaren gorpuzkiak ekarriko dituzte itsasontziz. Portuan, herriko elkarteetako kideak izango dituzte zain: dantzariak, abesbatza, atorrak, arraunlariak… Antzerki talde guztien parte hartzeagaz ibilbidea Mundakako plazaraino joango da. Eta han, hainbat bal- koitatik Julia Idahozabal agurtzeko erritual ezberdinak egingo dituzte.
Ondoren, plazan bertan, kalitatezko okelazko hanburgerrak eta txakolina dastatzeko aukera izango dute bertaratutako guztiek. Amaiera borobila emateko, musika eta dantzaldia ere ez dira faltako.
Umore kutsuagaz antzerki eta zirku ikuskizunak izango direla eta, Artekale Egunera hurbiltzeko deia egin du Mundakako Udaleko kultura zinegotziak.
Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Elkartea da. Kale arteen sektorea ezagutaraztea eta horren duintasunaren alde lan egitea du helburu. I. Artekale Eguna Otxandion egin zuten 2012an; ondoren, Gopegin, Hondarribian eta Antzuolan egin dituzte.