Egañaneko frontoia izango da aurrekontuko proiektu nagusia
Aurtengo inbertsiorik handienak iazko aurrekontuaren soberakinetatik egingo dituzte. Aurten ere, alkatearen kalitatezko botoarekin onartu dute aurrekontuaMutrikuko Udalaren 2018ko aurrekontua 6.351.616 eurokoa izango da; iazkoa baino ia 300.000 euro ge...
Aurtengo inbertsiorik handienak iazko aurrekontuaren soberakinetatik egingo dituzte. Aurten ere, alkatearen kalitatezko botoarekin onartu dute aurrekontua
Mutrikuko Udalaren 2018ko aurrekontua 6.351.616 eurokoa izango da; iazkoa baino ia 300.000 euro gehiagokoa. Eta gauzatuko den proiektu handiena Egañeko frontoiarena izango dela nabarmendu dute. Frontoi irekia estali egingo dute aurten, eta horretarako, 250.000 euro bideratuko dituzte iazko aurrekontuen gerakinetatik. Pilotalekuaren proiektuaren idazketa egiteko, bestalde, 18.150 euro bideratuko dituzte.Udalak agertu duenez, aurtengo inbertsiorik handienak, oro har, iazko aurrekontuaren soberakinetatik egingo dira. Gerakin horretatik, besteak beste, komentuaren teilatua konpondu (100.000 euro) edota Urasamendi auzoko mendi magala egonkortuko dituzte (45.000 euro).
Dentici fabrika zegoen tokian, berriz, aparkalekua egingo dute. Eraikina bota eta tokia txukuntzen 40.000 euro inbertituko ditu udalak. «Brigadakoen biltegi modura erabiltzen zen eraikin hori, baina Mijoa industriagunean pabilioi bat erosi dugu horretarako». Pabilioa erostera 310.000 euro bideratu dira. «Iaz 110.000 euro ordaindu genituen, eta aurten eta hurrengo hiru urteetan, 50.000 eurona ordainduko ditugu».
Su artifizialak
Beste alde batetik, portu inguruan dagoen jausitako lurra kendu eta mendia egonkortzeko lanak ere egitea aurreikusten du udalak. Azterketa geologikoa egiteko 15.000 euro erabiliko dituzte, eta lanak iazko gerakinetik ordainduko dituzte.
Aurtengo aurrekontuaren Bide kontserbapeneko partida orokorretik, bestalde, herrian beste hainbat obra egiteko asmoa agertu dute. Besteak beste, Iriagirre kalean asfaltatze lanak egingo dituzte, eta Isabel de Lobiano kalean, berriz, oinezkoentzat bidea egin eta sakanguneak ipiniko dituzte. Turruntegiko parkean ere kalte handiak daude, eta gune hori ere berriztu egingo dute.
Aurtengo beste berritasun batzuen artean, berriz, su artifizialak izango dituzte Malen jaietan, hamar urte eta gero. Horretarako, 6.000 euro bideratuko dituzte. «Berdeak Independenteak taldeak egindako eskaera izan da honakoa».
Ongizate arloko inbertsioek, aldiz, igoera nabarmen handia izango dute aurten. Sail horretan hainbat inbertsio egingo dituzte. Etxez etxeko laguntzara bideratuko dute partidarik handiena (170.000 euro), iaz baino 20.000 bat euro gehiago.
Desadostasun ugari
Aurrekontuari dagokionez, berriz, aurten ere alkatearen kalitatezko botoarekin onartu da. EAJko sei zinegotziak aurrekontua onartzearen alde agertu ziren, eta EH Bilduko sei zinegotziak, berriz, aurka. Berdeak Independenteak taldeko ordezkari bakarra, azkenik, abstenitu egin zen. Bi aldiz egin zen boto zenbaketa, eta berdinketa eman eta gero akordiorik lortu ez zenez, alkatearen kalitatezko botoarekin onartu zen aurrekontua.
EH Bildurentzat aurtengo aurrekontuak «eskuinaren jokabide batzuk» erakusten ditu. «Ez dugu herri eredurik ikusten», nabarmendu zuten. Era berean, udal gobernuaren «gestiogintza ahula» dela ere azpimarratu zuten. «Proposamenak egin arren, horiek ez dira bideratu edo gauzatu». Aurrekontuaren inguruan zertan hobetu eta zertan hausnartu ere badagoela aitortu zuen gehiengoa duen oposizioko taldeak.
Berdeak Independienteak taldeak, bestalde, aurrekontuari buruzko balorazio «baikorra» egin zuen. «Ekarpenak neurri handi batean onartuak izango dira, eta ez onartzeak dauzkan ondorioak kontuan hartu ditugu». B+I taldeko ordezkariak gogorarazi zuenez, baina, aurrekontuaren oinarrizko puntu batzuetan desadostasunak izan dituzte udal gobernua osatzen duten beste bi taldeekin. «Horregatik abstentziora joko dugu».