Elizpeko aterpeko dantzari gazteak
1975 urtean dantza talde bat sortu zen Etxebarrian; ikuskizun txiki bat egiteko asmoagaz batu zen hasieran, baina, azkenean, herriko ume eta gazte guztien topagunea izan zen Uztargi.Etxebarriko andereñoa izan zen 44 urtez Doña Salva, eta bere lana es...
1975 urtean dantza talde bat sortu zen Etxebarrian; ikuskizun txiki bat egiteko asmoagaz batu zen hasieran, baina, azkenean, herriko ume eta gazte guztien topagunea izan zen Uztargi.
Etxebarriko andereñoa izan zen 44 urtez Doña Salva, eta bere lana eskertzeko omanaldia egin zioten herrian 1975eko maiatzaren 16an. Omenaldi hartan, hainbat ekitaldi egin ziren: meza, kantuak… bai eta dantzak ere. Egun hartarako espreski dantzan egiten ikasi zuen herriko gazte talde batek, arrakasta handiagaz.Arku dantza, Sagar dantza, Banakoa eta Zortzikoa. Berriatuako dantzariak ezagutzen zituztela eta, euren laguntzagaz ikasi zituzten euskal dantzak Etxebarriko gazteek, eta berriatuarrek utzitako erropekin atera ziren estreinako kalera. Gaztetasunak dakarren ilusio, ausardiaz eta trebeziaz dantzan egin zuten, eta gogo onez hartu zituzten herritarrek.
Dantzaldiak izandako harrera onaren ondorioz, egun bakarreko ekimena izan behar zenak, aurrera egin behar zuela erabaki zuten gazteek, eta horrelaxe sortu zen Uztargi dantza taldea. Argia, kolorea, gaztetasuna eta askatasuna. Horiek guztiak irudikatzen zituen gazteentzat ostargiak, hortik taldearen izena, Uztargi.
Hasiera
Zortzi neska eta zortzi mutil hasi ziren taldeagaz, baina segituan batu zitzaizkien herriko gazte guztiak edo ia guztiak. Txikiek eta nagusiagoek, denek egin zuten bat taldean. Berriatuko gazteen eskutik eman zituzten lehen pausoak, eta Markina-Xemeinera ere joan ziren batzuk ikastera. Halan batetik eta bestetik ikasita, nagusiek txikiei erakutsiz errotu zen taldea.
Elizpeko aterpean batzen ziren Uztargiko gazteak astero entsegatzeko, kantuen grabaziorik ere ez zeukatenez ahopekatu egiten zituzten doinuak dantzan egin ahal izateko, baina ez zeukan ardurarik, ilusiorik ez zitzaien falta eta.
Arropak ere egin zituzten. Hainbat ordu eman zituzten dantzarien amek josi eta josi jantzi dotoreak prestatzen. Eta bandera ere prestatu zuten, taldearen izenagaz, berdea eta marroia, bordalan eta guzti. Zinta dantzarako makila prestatu, ezpatak eta otzara erosi eta aurrezki libreta zabaldu zuten taldearen izenean.
Dena prest zeukatela, dantzan hasi ziren, jairik jai. Santixauetan eta Santa Grazi eta Santa Kruz ermitetako jaietan egiten zuten dantzan. Bai eta Barinagako jaietan ere. Horretaz gainera, inguruko herrietan ospatzen ziren Euskal Jaietara joaten ziren oinak astintzera, «denetara».
Egun osoan dantzan egin eta beste dantzarien etxeetan bazkaltzen zuten, ohi den modura. Ezpata dantza, Banakoa, Zortzikoa, Aurreskua eta Makil dantza egiten zuten mutilek; Arku dantza, Sagar dantza, Kontrapasa eta Zinta dantza, berriz, neskek.
Jose Antonio Jaio Otsolo herriko txistulariak laguntzen zien batzuetan jaietara, baina beste batzuetan Imanol Aretxabaleta markinarra joaten zen Uztargiko gazteekin. «Beti zegoen laguntzeko prest» gogoratzen dute.
Dantzari batzuk joan eta beste batzuk etorri. Apurka-apurka hasierako txinparta galtzen joan zen taldea, desagertu zenera arte. Neskek ez zuten dantza gehiago egin, mutilek Aurreskua dantzatzen zuten noizbehinka. Taldea berpizteko ahalegina ere egin zen eskolako umeekin, baina ez zen lortu. Zortzi urte inguru iraun zituen Uztargi taldeak. Zortzi urte zoriontsu.