460 parte hartzaile izango dira Ibarruriko martxa eta lasterketan
Domekan egingo dituzte Muxikako Ibarruri auzoko mendi martxa eta mendi lasterketa, Saltsamendi kultur elkarteak antolatuta. Martxarako 350 lagun inguruk eman dute izena, eta lasterketarako 110 inguruk. Hortaz, gutxi gorabehera, 460 lagun bilduko ditu I...
Mendi martxa biren artean aukeratu behar izan dute ibiltariek. Luzeak 23 kilometro izango ditu, eta 250ek egingo dute. Laburra, berriz, 15 kilometrokoa izango da, eta horretarako 100 lagun inguruk eman dute izena. Azkenik, Urdaibai Kopako lehen proba puntuagarria izango den mendi lasterketak 23 kilometro izango ditu.
Ibarrurin hasi eta bukatuko dira martxa nahiz lasterketa. Oinezkoak 08:30ean hasiko dira ibilbidea egiten, eta lasterkariak ordu eta erdi beranduago, 10:00etan. Ibilbidean zehar zer jan eta edan egongo dela zehaztu dute antolatzaileek, eta bidea seinaleak jarrita egongo dela nabarmendu. Halaber, osasun postuak ere jarriko dituzte ibilbidean zehar. Esan bezala, Ibarrurin hasi eta amaituko da proba, eta helmugaratzean oroigarri bana jasoko dute parte hartzaileek. Taberna zerbitzua ere egongo dela adierazi du Saltsamendik.
Egunean bertan ere eman daiteke baterako zein besterako izena, Ibarrurin bertan, 12 euro ordainduta.
Kopako sei probetan lehena
Ibarrurikoagaz hasiko da 2015eko Urdaibai Kopa. Horren ostean, EreƱokoa (martxoak 29), Arratzu Gau Traila (apirilak 25), Gernika-Lumoko 3. Mendi Jaia (maiatzak 24), Ariatzatik Ariatzara (ekainak 13) eta Forutik Forura (irailak 27) izango dira proba puntuagarriak.
Sailkapen orokorrean proba guztiak izango dituzte kontuan. Hala ere, sailkapenean sartzeko ezinbestekoa izango da lasterkariek kopako sei lasterketatik lau egin eta amaitzea.