Kulturen arteko bakearen sinbolo den bandera hartu du Gernikak
Gernika-Lumoko herria nazioartean bakearen sinbolo delako hartu du aitortza. Gaur egun, 106 dira 'Roerich ituna'-gaz bat egin duten herrialdeakNicolas K. Roerichen Bakearen bandera hartu zuen atzo Gernika-Lumoko Udalak, Bakearen Museoan egin zuten ekit...
Gernika-Lumoko herria nazioartean bakearen sinbolo delako hartu du aitortza. Gaur egun, 106 dira ‘Roerich ituna’-gaz bat egin duten herrialdeak
Nicolas K. Roerichen Bakearen bandera hartu zuen atzo Gernika-Lumoko Udalak, Bakearen Museoan egin zuten ekitaldi ofizialean. Ikur hori jasotzeagatik pozik dela azaldu zuen Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok. Ekitaldian, beragaz egon ziren Roerich Etxea museoko eta Moskuko Roerichtarren Nazioarteko Museoko ordezkariak.Hain zuzen, bi horien eskutik hartu zituen Gernika-Lumok atzo Bakearen bandera eta oroigarria.
Modu horretan, giza ondarea eta ondare kulturala babesteko egindako lana aitortu gura izan diote Gernika-Lumoko herriari. Moskuko museoko ordezkariak azaldu zuenez, 36k Gerran Espainian suntsitu zituzten herrien artean kaltetuenetakoa izan zen Gernika, eta atzoko ekitaldian gogoan eduki zuen, gaur egun oraindik, bonbardatuak diren herrialde asko badaudela mundu zabalean.
Kulturaren gurutze gorria
80 urte bete ziren atzo 1935. urteko apirilaren 15ean Amerikako Estatu Batuetako 21 herrialdek Roerich Ituna sinatu zutela. Gaur egun, 106 dira Roerich Itunarekin bat egin duten herrialdeak. Hala, Gernika-Lumok ere Bakearen bandera modu ofizialean izateko sasoia badela esan du Roerich Etxea museoko ordezkariak.
Hain zuzen ere, kultura ezberdinen uztartzearen sinbolo modura sortu zuen Roerichek bandera hori, giza ondarea babesteko helburuagaz. Sinboloak berak 9.000 urte dituela azaldu zuen, eta Nicolas Roerichek XX. mendeko 20ko hamarkadan berreskuratu egin zuen, bandera sortuz eta ikur hori gaur egunera arte mantenduz. «Kulturaren gurutze gorria da», gaineratu zuen.
Ondarea gorde
Atzoko ekitaldian, gainera, Gernika-Lumoko ikastetxeetako hainbat umek ere parte hartu zuten. Bakearen banderaren erreplika txikia eskuan zutela parte hartu zuten ikasleek ekitaldi ofizialean. Ostean, talde argazkia atera zuten hiru museoetako ordezkariekin eta ordezkari politikoekin.
Bandera eta oroigarria emateko, gainera, Gernika-Lumoko Bakearen museoko aldi baterako erakusketa gela aukeratu zuten, orain, Ondarearen berreraikuntza gerraondoan: Regiones Devastadas Gernikan izeneko erakusketa hartzen duen gela. Roerich ituna ondare kulturala babesteko ituna ere badela gogoratu zuen Moskuko Roerichtarren Nazioartekomuseoko ordezkariak. «Gaur egun ikus daitekeenez, Gernika-Lumok bere ondarea gordetzeko eta babesteko lan egin du», azpimarratu zuen.