Berriatuko San Gregorio jaiak motorrak berotzen hasi dira Azoka Egunagaz
Jende asko batu da Berriatuko plazan egindako pintxo dastaketan. 2.000 pintxo inguru banatu dituzte antolatzaileek. Pintxorik onena Goixalde elkarteak egindakoa izan daKaxero Gaupasero oraindik herrira jaitsi ez bada ere, jai giroan sartuta dabiltza Be...
Jende asko batu da Berriatuko plazan egindako pintxo dastaketan. 2.000 pintxo inguru banatu dituzte antolatzaileek. Pintxorik onena Goixalde elkarteak egindakoa izan da
Kaxero Gaupasero oraindik herrira jaitsi ez bada ere, jai giroan sartuta dabiltza Berriatuan. Zapatuan, esaterako, Azoka Eguna giro onean ospatu zuten.Eguna ilun hasi bazen ere, eguraldia lagun, jende asko batu zen pintxo dastaketan. Berriatuarrez gain, inguruko herrietako bizilagunak ere joan ziren Azoka Egunera.
Denetariko produktuak erosteko aukera zegoen, hori bai, guztia bertokoa. Eta pintxoak dastatzeko aukera ere ez zuten galdu nahi izan askok.
Azokak ateak ireki zituenean jende askorik ez bazebilen ere, minutuek aurrera egin ahala, Berriatuko plaza betetzen hasi zen. Jendetzarik handiena, batez ere, eguerdi inguruko orduetan batu zen. Giroa berotzen, gainera, Tarine musika eskolako Trikipand taldea aritu zen.
Nahaskia, onena
Aurten, bigarrenez, egin da herriko elkarteen arteko pintxo lehiaketa, eta antolatzaileen esanetan, «arrakastatsua» izan da.
Iaz egin modura, aurten ere, maila ona erakutsi dute sariketan parte hartu duten bost elkarte gastronomikoek. «Elkarteak eurak oso gustura geratu ziren prestatu zituzten pintxoekin. Era berean, jendea ere pozik ibili zen pintxoak probatzen. Denetara 2.000 pintxo inguru banatuko genituen», azaldu dute jaien antolatzaileek.
Goxalde, Kukulumutxu, Anaitasuna, Asterrikarrak eta Milloitarrak elkarteko kideek landutako pintxoak egin zituzten; elkarte bakoitzak 250 pintxotik gora prestatu zituen. Denek ere, itxura benetan ederra zeukaten, eta plazan bildutakoek gustura probatu zituzten.
Pintxoak dastatzen aritu ziren herritarrak eurak izan ziren epaileak. Saldu ziren hogei txarteletatik batek, pintxoa epaitzeko aukera eduki zuen. Horiek «ederrena eta goxoena» iruditzen zitzaien pintxoa aukeratzeko aukera izan zuten; horretarako, bakoitzak euren gustuko kolorea zuen zotza aukeratu zuen.
Bozkarik edo zotzik gehien Goxalde elkarteko kideek prestatutako pintxoek jaso zituen. Irabazleek hegaluze eta barrengorriekin egindako nahaskia prestatu zuten. Era berean, elkarteko kideek prestatu zituzten hegaluze kroketek ere arrakasta handia eduki zuten. «Jendeari asko gustatu zitzaizkion».
Irabazleek euren izena eramango duen ikurrin bat jaso zuten sari legez, eta ikurrin hori hurrengo urtera arte euren elkartean erakusteko aukera izango dute.
Arratsaldea ere giro onean
Jai giroak ez zuen etenik eduki, eta, arratsalde partean, bazkari herrikoia, jolasak eta sokatira txapelketa egin ziren.
Eguna 4pelau, Skaleak eta Auskan taldeen kontzertuekin amaitu zuten. Domekan, ostera, mus eta briska txapelketa egin zituzten.