Arrate Egañak irabazi du Mikel Zarate haur literatura saria
Arrate Egaña Bermeoko bizilagunak 2015eko Mikel Zarate haur literatura saria irabazi du, Patioan izeneko kontakizunagaz. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Antxiñe Mendizabalek osatutako epaimahaiak. Bermeoko bizilagunak 3.000 eurok...
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Mikel Zarate sariketa. Aurtengoa seigarren ekitaldia izan da, eta hemeretzi lan aurkeztu dituzte. Epaimahaiaren arabera, ausardia erakutsi du Egañak gaia hautatzean, eta trebezia, gainera, berori lantzerako orduan. Haurrentzako istorio batek eskatzen duen sinpletasunean idatzi duela diote, baina sinplekerian erori barik.
Patioan istorioak Malen izeneko neskatoa du protagonista. Eskolako jolas orduan, mutilak patioan futbolean ari direnean, patioaren erdian jartzea erabakitzen du protagonistak, hantxe egon gura duelako. Malenen jarrerak, baina, hainbat arazo sortuko ditu, eta, horren aurrean, modu batera zein bestera erreakzionatu beharko dute irakasleek, ikaskideek, gurasoek…
Eskarmentua literaturan
1963an Errenterian jaio zen Arrate Egaña; egun, hala ere, Bermeon bizi da. Idazleak eskarmentu handia du literaturan, eta haurrentzako zein helduentzako ipuin bildumak kaleratu ditu azken urteetan. Esate baterako, helduentzako Paradisua ipuin bilduma idatzi du. Umeentzat, berriz, hainbat istorio idatzi ditu, besteren artean, Kixmi elurpean, Hizkuntza sekretuak, Giltza eta Simon ipuinen munduan.
Gainera, aurtengo Mikel Zarate saria ez da Egañak irabazi duen sari bakarra; sari ugari irabazi ditu orain artean. Besteak beste, Baporea nahiz Lizardi haur literaturakoak, Kutxa antzerki saria eta Gabriel Aresti ipuin lehiaketa.