Lekeitio. Zazpi mila biztanle inguru dituen kostaldeko herri txikia. Lasaia. Hirietan bizi diren askok oporretarako oso gustuko dutena. Udatiarrek hirukoiztu egiten dute ia, neguan izaten duen biztanle kopurua. Eta, horrek, egoera kezkagarri bat gordetzen du atzean: Bertakoek urte osorako etxebizitza bat eskuratzea oso zail duten bitartean, etxe huts asko dago herrian: bi mila inguru.
Lekeitioko Duindduz! herri mugimenduko kideak Maisu-Maistren etxe aurrean.
Etxebizitza eskubide bat bada ere, etxebizitza bat lortzea ezinezkoa edo oso gaitza bihurtu da jende askorentzat. Herri eta hiri askotan errepikatzen den egoera hori era berezian bizi dute Lekeition. Bizkaiko kostaldeko herriak, 7.345 bizilagun ditu, 5.232 etxebizitza dagoz, eta horretatik 2.000 etxe baino gehiago hutsik daude. Lekeitioren kasuan, gainera, zehazki etxebizitza hutsak zenbat diren jakitea ez da erraza. Alde batetik etxebizitza huts bat zer den zehaztu gabe dagoelako, eta bestetik, uda iristen denean, udatiarrak eta turistak ailegatzen dira herriko biztanleak bikoiztu edo ia hirukoiztuz, eta horiek guztiek neguan hutsik egon diren etxebizitzetako asko betetzen dituzte. Bigarren edo hirugarren etxebizitza daukatenek udan alokatzen dituzte etxebizitzak era horretan etekin handiagoak lortzeko. Horrela ba, urte osoan herrian bizi denak, neguan alokatzeko aukera gutxi ditu, eskaintza murritza delako eta uda sasoian ere ez dauka aukerarik, prezioak gorantz egiten dutelako nabarmen.
Duindduz!
Kapitalismoak sortutako krisiari erantzun eta herriko egoera ekonomikoan eragiteko asmoz, Duindduz! mugimendua sortu zuten Lekeition 2014ko abenduan. Zero eraikuntza filosofia ardatz hartuta, etxebizitza arazoari kolpe zion herri eragileak. Ehunka etxe hutsik dauden herri batean gehiago eraikitzeak zentzurik ez duela diote, eta beraz, etxe hutsak erabiltzearen aldeko dinamikan oinarrituko da, hemendik aurrera eta datozen urteei begira, aurrera eramango duten jarduera.
Hiru aldarrikapen zehatz dituzte: etxe hutsak bete, etxe hutsak urte osorako alokairura atera eta etxeen alokairuari prezio muga jartzea.
Etxebizitzia, duintasunezko aterpe bat edukitzea, pertsona guztiek duten beharrizan bat dela azpimarratzen dute. «Behar bat, eta ganera hainbat lege, konstituzio eta abarretan eskubide modura jasota dagoena». Baina, herri mugimenduko kideen ustez, eskubide hori gaur egun ez da errespetatzen. «Kapitalismoa deitzen den sistema zapaltzaile baten bizi garelako. Dena, den dena, ura, lurra eta baita gorputzak eurak ere merkantzi bihurtu dituen sistema baten».
Etxebizitzaren kasua ez da salbuespena. Eta ganera azken hamarkadetan, dirua errez egiteko makina bihurtu dela diote. «Inmobiliaria, promotora, banketxe, eraikuntza enpresa bai eta instituzioentzat ere. Baina, beste maila batean, bai eta etxe-jabe partikularrentzat ere espekulaziorako tresna dira. Gutxi batzuk aberastu ahal izateko».
Bitartean herritarrak estu daudela salatzen dute, eta oraindik ere estuago kapitalismoaren krisialdi garai honetan. «Lehen da bizitza gogorra, lehen da gaitza hile amaierara heltzea, ba horreri neurritik kanpoko edo gehiegizko hipoteka edo eta alokairuak gehitu behar zaio».
Arazoak badauka konponbidea. Duindduzen ustez, etxe hutsak betetea da alternatiba errealena. «Zintzotasunez arazoari aurre egin nahi bazaio Lekeition dauden 2.000 etxe huts horren erabilpenian ikusten dugu konponbidea, etxe huts horrek alokairura ataratzean. Beti ere, duintasunezko baldintza eta alokairu baten, prezio duin eta mugatu bategaz». Baina horretarako borondatea behar dela ikusten dute. «Eta gure zeregina borondate horretan eragitea izango da».
Alternatiba hor dago Lekeitioko herri ekimenaren ustez, eta ez ostera etxe gehiago eraikitzean. Zetarako etxe gehiago eraiki 2000 hutsik daudenean? galdetzen dute. Etxebiztzak eraiki dira Lekeiton azken urteetan, hala ere, aterpe batetara heltzeko bidea ez da erraztu.
Egoerak 180 graduko aldaketa eskatzen du Duindduzentzat, «errotikako aldaketa bat». Etxebizitza politikak eta etxebizitza legeak aldatu egin behar direla uste dute eta instituzioak zeregin horretan duten garrantzia azpimarratzen dute. «Etxebizitza espekulazio eta negozioaren zirkuitutik atera behar da, oinarrizko behar modura errespetatuz». Dena dela, instituzioek zentzu horretan ezer egingo dutenaren zalantza handiak dauzkate.
Horregaitik, gaur egunera arte modura, kalean jarraituko dute lanean. «Bai protestatzen, baina baita alternatibak kaleratzen ere. Eta ahal den neurrian praktikan ipintzen».
Okupazioa
Bitartean, okupazioa ere bide «erabat zilegia» dela pentsatzen dute. Eta ganera errealitateak, egoera krudelak, horretara behartzen ditu. Horren adibide txiki bat besterik ez da orain dela urte bi herri ekimenez okupatutako Maisu-Maistren etxeko egoera.
Etxe horiek larritasun egoera bateri erantzuteko okupatu zituztela azaldu dute Duindduz! herri ekimeneko kideek, eta euren betebeharra betetzen ari dira. Izan ere, bertan erabilgarri dauden bi etxebizitzetatik, honezkero zazpi pertsona pasatu dira. «Momentuko egoera baten ondorioz kalean geratu diren pertsonak pasatu dira etxebizitzetatik eta egoera horreri buelta emateko ezinbestekoak izan dira».
Arazoa ez da berria, ez eta arazoaren aurrean emandako herri erantzuna ere. Eta etxe kaleratzeak…gutxiago entzuten badira ere, arazoak bere horretan jarraitzen duela agerian dago.