Ume-umetatik musikarako zaletasun handia izan zuen Antton Zubikarai Erkiaga (Ondarroa 1945-Bilbo 2015) ondarrutarrak. Zaletasuna ogibide bilakatzeko zortea izan zuen, eta musikarekiko zuen maitasun hori zabaltzen ahalegindu zen urte luzez.
Aurreko astean, urriaren 1ean, zendu zen Zubikarai, eta betiko joan bada ere, hark egindako guztia luzerako geratuko da askoren oroimenean. Euskal kulturan, eta batez ere, musikagintzan pisu handia izan zuen. Hurrekoen arabera, musikari sena etxetik zetorkion. “Aitona zena oso musika zalea zen, eta harengandik denok asko ikasi genuen”, adierazi dute senideek.
Apala eta lagunen laguna
Bizitza apala egin zuen, eta etxekoek diotenez, “harrotasun gutxikoa eta bihotz zabalekoa” zen. Ondarroako bere lagunak ere bat datoz senitartekoen berbekin. “Oso pertsona xumea zen, gizon ona, eta lagunen laguna. Ondarroara etortzen zen guztietan, lagunei eupada bat egiten ahalegintzen zen. Askotan, gainera, kantuan ere aritzen ginen. Horixe zen bere zaletasunik handiena, musika”.
Antton Zubikarai Erkiaga. Argazkia: Athletic Club agiritegia
Ezagutzen zuten guztiek horrelaxe deskribatzen dute Zubikarai. Denen berbetan, oso pertsona adeitsua eta isila zen. “Ez zen oso berbalduna. Hala ere, gustuko gaien gainean luze berbetan aritzen zen”.
Beragaz lan egindako askok “musikologo bikaina” zela azpimarratzen dute. “Oso behargin fina zen, eta orduak egiten zituen liburuak idazten edota kazetari lanetan. Beharrak ondo egitea gustatzen zitzaion, eta bere buruari asko eskatzen zion”. Kazetari ondarrutarra musikagilea ere bazen, eta urte luzez, musikari buruzko milaka iruzkin idatzi zituen hainbat aldizkari eta argitalpen espezializatutan.
Musika bere pasio handienetariko bat zen, eta horren erakusle dira hark egindako hainbat ikerketa. Senitartekoek nabarmendu dutenez, batez ere, euskal musika klasikoa zuen gogokoen. “Bizi zen artean ahalegin handiak egin zituen euskal musikari handiak aztertu eta haien berri ematen. Bere bizia musika zen, eta haren inguruan behar handia egin zuen; orduak eta orduak egiten zituen musika entzun eta haren inguruan sakontzen”. Ikerketa horien guztien emaitza legez, liburu ugari idatzi zituen eta beste hainbatetan kolaboratu.
Musikari lotutako ibilbidea
Herriko eskolan hasi zituen ikasketak, eta bere ikaskideen arabera, gelako ikaslerik onenetakoa zen. Luis Mari Bedialaunetak, esaterako, garai hartako oroitzapen ederrak gordetzen ditu. “Aita Benitorekin batera ikasten ari ginela ikasmahai berean jarri gintuzten. Ikasle oso argia eta bizia zen, eskolako onenetarikoa”.
Ondarroako eskolan aritu ostean, Derioko seminarioan jarraitu zituen ikasketak, baina abade egiteko ideia baztertu, eta aitak legez (Augustin Zubikarai historialari, kazetari eta idazlea) kazetaritza ikastea erabaki zuen. “Garaiko gazte asko modura, seminarioan sartu zen abade izateko ideiagaz, baina bokazioa hoztu, eta bere bidea hori ez zela irudikatuta, uztea erabaki zuen”.
Antton Zubikarai eta Carmelo Bernaola. Argazkia: Athletic Club agiritegia
Iruñean lizentziatura amaitu eta gero, Madrilera joan zen beharrera. Beharrak uzten zion tarteetan, gainera, musika eta dantza arloan sakontzen jarraitu zuen; besteak beste, pianoko ikasketak amaitzeko aukera izan zuen, eta Goi mailako kontserbatorio batean ere ibili zen, ballet klasikoko katedra batean. Madrilen zela, Elena Aveledo emaztea ere ezagutu zuen. Hiru seme-alaba eduki zituzten.
1977an,
Deia egunkaria sortu zenean, kultura arloan musika kritikari izateko proposamena egin zioten. Baiezkoa eman, eta Bilbora etorri zen familiagaz bizitzera.
Egunkarian lan egiteaz gain, aldizkari eta argitalpen espezializatuetan egin zituen kazetari lanak, eta tartean, hitzaldi, mintegi, udako ikastaro eta beste hainbeste ekimenetan parte hartu zuen. Denbora tarte batez, gainera, kazetaritza irakasle ere izan zen Leioako Campusean.
Musika esparruan ibilbide luzea egin zuen; CEM Juan de Antxietan irakaslea izan zen, eta geroago, Jesus Aranbarri Udal Kontserbatorioan eta
Musikenen, Euskal Herriko Goi Kontserbatorioan. Era berean, Madrilgo
San Fernandoko Arte Ederren akademikoa ere izan zen.
Abestien hitzak ere bai
Kazetari eta kritikari ez eze, musika konposatzaile eta hainbat kanten hitzen egile ere izan zen. Besteak beste,
Bilbao Orkestra Sinfonikorako,
Operaren Lagunen Bilboko Elkartearentzako, Ziortzako musika jaialdirako,
Musika Hamabostaldirako… lanak idatzi zituen.
Askok jakin ez badakite ere, 1983tik ofiziala den
Athleticen ereserkia Antton Zubikaraik idatzia da. Garai hartan, 1982-1983 denboraldian, Pedro Aurtenetxek zuzentzen zuen taldea, eta klubak bere historian ereserki “ofiziala izateko garaia” bazela erabaki zuen Zuzendaritza Batzak. Behar horren ardura, Carmelo Bernaolari eman zioten, eta Antton Zubikaraik behin edo behin aipatu ohi zuen legez, “kasualidadez” eskatu zion faborea Carmelo Bernaola lagun minak.
Musika Jose de Olaizolak eta Feliziano Beobidek konposatu zuten, eta Carmelo Bernaolak egin zituen moldaketak. Kantuak
Aliron-en lehen konpasak ditu, eta Feliciano Beobideren
Aupa Gaztiak kalejirarenak ere bai, biak ere klub zuri gorriaren historiagaz oso lotuak.
Athleticen ereserkia 1983ko martxoaren 30ean entzun zen lehenengo bider,
Bartzelonaren aurka San Mamesen jokatutako Errege kopako final laurdenetako partidaren aurretik. Kantuaren estreinaldiak, gainera, talde zuri-gorriari zorte ona ere ona ekarri zion; Clementek zuzentzen zuen taldeak 1-0 irabazi zuen, Danik penaltiz sartutako golari esker.