40 urtetik gorakoek esku pilotan jokatzeko aukera izango dute domekero, pilota goxoarekin. Iazko legez, aurten ere,
XI. Trinketeko Esku Pilota Txapelketa jarriko du martxan Lekeitioko Udal Kirol Patronatoak. Urtero modura, helduen parte-hartzea bultzatzea helburu txapelketak. “Binakakoa izango da lehiaketa, adin zehatz bat daukatenentzat eta gutxienez 40 urte bete behar dira 2016an”, zehaztu dute.
Iaz jokatu zen Beteranoen Trinketeko Esku Pilota Txapelketa. Argazkia: Julian Arrate
Izen ematea zabalik dago. Kiroldegian izena eman behar dute jokatu nahi dutenek, 2016ko urtarrilaren 10era orduko. Telefono zenbaki bat ere jarri dute parte hartu nahi duenak deitu ahal izateko: 94 624 30 05. Partidak domeka goizetan jokatuko dira, urtarrilean, otsailean eta martxoan.
Euskal Herrira begira
Lekeitio, Iurreta, Deba, Mallabia, Elgoibar, Azkoitia, Durango, Garzaron (Nafarroa) Mendexa eta Amorotoko sei bikote aritu ziren iaz, zein baino zein gehiago, eta laugarren aldiz jarraian, Iurreta eta Lekeitioko bikoteak, Kepa Arroitajauregi eta Julian Arratek, eraman zuten txapela. Plazaola eta Navarro eta Azkoiti eta Amoroto izan ziren beste lau finalistak.
40 urtetik gorakoez gainera, 50 urtetik gorakoak ere animatu nahi dituzte antolatzaileek. “50 urtetik gorako hiru bikotek izena emanez gero, eurentzat txapelketa berezia egingo da. Beraz, adin horretatik gorako jendea ere animatu nahi dugu».
Pilotaria eskuak babesten jokatzeko. Pilota goxoekin jokatzen da txapelketa. Argazkia: Julian Arrate
Egunen batean, txapelketa, Euskal Herriko beteranoen txapelketa bihurtzeko asmoa dauka Udal Kirol Patronatoak. «Ea Mutriku, Ondarru, Gernika, Markina-Xemein, Munitibar eta inguruko jendea animatzen den».
Entrenamendu berezia
Aurtengo txapelketa arrakastatsua izateko eta zalantzan dauden jokalariak erakartzeko,
entrenamendu berezia antolatu dute zapaturako [abenduak 19]. 17:30etik 19:30era lagun arteko partidak jokatuko dituzte Lekeitioko trinkete frontoian. “Zelako pilotak erabiliko diren ikusi, beldurrak kendu eta arauak ezagutzeko balioko du lagunarteko entrenamenduak”, azaldu dute. Beraz, 40 urteko nagusiak anaimatzen dituzte zapatuan, Lekeitioko trinketera hurbiltzera.
Momentuz, hiru bikotek eman dute txapelketarako izena eta pate hartze handia izateko bidean daudela aurreratu dute antolatzaileek.
Joan den urteko Beteranoen Esku Pilota Txapelketa. Argazkia: Julian Arrate