Lea ibilbidea ikusgarria da bere osotasunean. Lea ibaiaren albotik, 23 kilometrotan, hainbat toki ezagutzeko aukera du bisitariak. Gizaburuagan, Amoroto eta Aulesti artean, esate baterako, geldialdi aproposa egiteko aukera dago, naturaren bihotzean.
Lea Ibaiaren albotik paseatzen direnek, Gizaburuaga parean ura gogorrago entzuten dela jabetuko dira. Uraren soinuari jarraituta, Iluntzar mendiaren oinetan dagoen
Bengoleako burdinola ikusgarrira iritsiko da bisitaria.
Bengoleako burdinola
Egun, errota erdi jausita baldin badago ere, garrantzia handia izan zuen bere garaian, inguruko beste burdinola batzuekin. Hain zuzen ere, Euskal Herrian ezagutu diren
burdinolen artean konplexuenetarikoa da teknologia aldetik. Industriaurreko beste burdinola batzuekin alderatuta, egun berean burdina gehiago ekoizteko gaitasuna zuen Bengoleakoak, Pedro Bernardo Villarreal de Berrizek XVIII. mendean egindako berritasunei esker.
Harlanduzko presa aurreko gunea lasai eserita egoteko leku ederra da; artadi eta iratze artean atseden hartu daiteke urte osoan. Presa aurrean nahikoa ur batzen da, eta zuhaitzen gerizpean gustura asko egon daiteke babestuta. Udako egun beroetan, ausartzen direnek, Lea ibilbideari ekin aurretik presa inguruetako uretan freskatzeko aukera dute.
Leinurik indartsuena
Burdinolaz gain, Bengoleako multzo historikoa osatzen duten beste hainbat eraikin daude inguruan. Izan ere, ondare arkitektonikoaz hitz egiterako orduan,
Bengoleako auzune osoak merezi du aipamen berezia. Erdi Aroan, Bengoleatarrena izan zen Gizaburuagako leinurik indartsuena, eta oraindik ere, zutik diraute haien ondarearen aztarnek. Horietatik
eraikinik nabarmena Bengolea dorrea da. Jauregi barroko bihurtuta dago egun, errotatik metro gutxira.
Villarreal de Berrizek, gainera, beste hainbat berritasun ekarri zituen inguruetara. Bengoleako harrizko zubia zeharkatuta, metro gutxira dago
Oibarko baseliza. Itxura kubikoa duen eraikina garai berean berritu zuten, Lea Ibarraren urrezko aroan. Ermita alboan dagoen Oibarko baserriari ia itsatsita dago, metro oso gutxira.
Oibarko ermita
Tokia benetan polita da, ibaitik oso gertu eta zelai berde-berdeez inguratuta. Irailaren 9an, Gizaburuagako Andra Maria jaietan, erromeria egiten dute herritarrek bertan.
Oibar baseliza atzean utzi eta errepidea gurutzatuta Okamika baserrira doan bidexkan bada toki misteriotsu bat ere: bidetik metro gutxira dagoen Oibarreko haitzuloa edo Lamina koba. Hainbat koba daude Gizaburuagan, baina horixe da ezagunena. Hiru sarbide ditu, eta nagusian, lur azpiko erreka baten irteera dago. Lea Ibaian hiltzen da errekastoa, bide motz baten ostean.
Kobazulotik azaleratzen diren urak Ispasterren sortzen dira; kareharrizko lursailetan dauden pitzadura eta zartaduretatik iragazten den ura da lurrazaleratzen dena.
Lamien kondairak
Euskal Herriko beste hainbat kobetan gertatu modura, Gizaburuagakoa ere pasadizoz beteta dago. Elezaharren arabera, lamia mitikoen bizileku izan zen. Kontakizun horietan ezagunena Norberto Urresti lekeitiarraren herenamonarena da.
Gizaburuagako lamina koba
Urrestik kontatzen zuenez, kobazulo horretan bizi zen lamia baten erditze lanetan laguntzera deitu zuten bere herenamona 1925eko udan. Eskerronak emateko, bazkaltzera gonbidatu zuten lamiek. Herenamona txundituta gelditu zen ogiaren zuritasuna ikusita, eta, bere sendiari erakusteko asmoz, pusketa bat hartu zuen disimuluz. Ezin izan zuen bere aulkitik altxatu, ostutakoa bueltatu zuen arte. Gero, lamiek, ogi oso bat oparitu zioten.