Kamiñaldeko lur jausia dela eta, euren etxebizitzak hustu behar izan zuten 176 familiek eta merkatariek bihar [apirilak 16] gauzak hartzera sartzeko aukera izango dutela azaldu dute gaur [apirilak 15] Kalare Deuna kofradian egin den batzar informatiboan.
Batzarrean egon diren larrialdi mahaiko ordezkariek, hain zuzen ere, bihar bizilagun bakoitzak jarraitu beharreko protokoloaren berri eman dute. Aldi berean, udaleko langileekin batera beharrean egongo diren suhiltzaileen, ertzainen eta larrialdi zerbitzuen
aginduak betetzeko deia ere luzatu die herritarrei. “Ez dugu ahaztu behar larrialdi egoera baten aurrean gaudela, hori dela eta, bertan egongo diren teknikarien aholkuak jarraitu behar ditugu, ezustekorik gerta ez dadin”.
San Inazioko bizilaguna etxebizitzetara sartzeko zain
Beraz, azken orduko aldaketarik ezean, etxebizitza eta lokal jabe bakoitzak
ordubeteko tartea izango du sartu-irtena egiteko. “Lokala eta etxebizitza ordu berean hustutzea tokatuz gero, beste ordu bat adostu beharko dugu”. Kasu horietan, protokoloaren arduradunekin jarri beharko dute harremanetan kaltetuek.
Protokoloaz arduratuko direnek azpimarratu dutenez,
ordubete hori estimatua da, “eta ez erreala”. Izan ere, atariko eskailerak apurtuta dutenek (40B, 40C, 42A, 42B atarietakoek) suhiltzaileen eskalatik etxebizitzetako balkoietatik sartu beharko dira. Hala, tarte txikiagoa izango dutela adierazi dute, guztira, barruan ordu erdi bat egon ahal izango dira.
San Inazioko bizilagunak etxebizitzera sartzeko prest
Suhiltzaileekin sartu behar dutenek, gainera, etxeko giltzak aurretik suhiltzaileei eman beharko dizkiete, horiek, etxeko atea ireki ahal izateko. “Kasu horietan,
etxebizitzetako jabeak balkoietatik sartu eta irten ahal izango dira soilik. Horrez gainera, atera beharreko gauzak ezingo dira handiegiak izan, bestela ez dira saskian kabituko”. Era berean, atari horietako mendi aldera dauden geletara suhiltzaileen ikuskapenik gabe ere ezingo da sartu. Ezinbestean suhiltzaile batekin sartu beharko dute, segurtasun neurriak aztertu eta gero.
Bestalde, gauzak hartzeko,
gehienez, bi pertsona onartuko dira. “Zeintzuk sartuko diren adierazi beharko da gaurko batzarrean banatu diren eskaera orrietan”.
Emergentzia zerbitzuek oinarrizko gauzak ateratzen laguntzeko egongo dira, eta beste ezertan ez dutela lagunduko nabarmendu dute
Emergentzi zerbitzuek
oinarrizko gauzak (arropa, dokumentuak, botikak, informatikako elementu txikiak) ateratzen laguntzeko egongo dira, eta beste ezertan ez dutela lagunduko nabarmendu dute. “Apurtu edo daitezkeen elementuak garraitzeko orduan emergentzi zerbitzuak zein udala ez dira arduratuko hauek apurtu edo hondatzen badira. Horrez gain, ezingo da gauzarik leihoetatik bota”.
Igogailua martxan dabilen atarietan, gainera,
gauzak jaisteko igogailua erabili ahal izango da. “Soilik materiala jaisteko izango da, eta ez pertsonentzako”.
Larrialdiko mahaikoek adierazi dutenez, gainera, kaltetutako gunera ezingo da gauzak garraiatzeko ibilgailurik sartu. “Udal brigadako ibilgailuak izango dituzue gune horretatik gauzak ateratzeko, eta horiek non laga ez duzuenok, udalak eskura duen lokalean utzi ahal izango dituzue”.
Garajeetan autoak edo motoak dituztenek, aldiz, horiek ateratzeko aukera izango dute. Eskaera lehen orduan jakitera eman beharko dute.
Bestalde, geologoek edo topografoek emergentzia egoera dagoela ikusten baldin badute, eguneko protokoloa bertan behera lagako da, eta beste egun batean sartzeko aukera aztertu.
[HONI LOTUTA] Ondarroako Kamiñaldeko lur jausia: albiste guztiak, bideoak eta argazki galeriak