Inhar Urruzuno Pagoaga (Ondarroa, 1987) harrijasotzaile ondarrutarrak bigarrenez jantzi du Euskadiko harri txikien txapela. Aurten fin ibili dela erakutsi du Gorozikakoak, eta Euskadiko txapelketaz gain, Bizkaikoa, Mallabikoa eta Zazpi Herrialdeen artekoa ere irabazi ditu.
Aurten bigarrenez irabazi duzu Euskadiko Txapelketa. Zelakoa izan da atzera ere txapelketa nagusia irabaztea?
Berezia izan da. Dudarik barik, harrijasotzen izan dudan poztasunik handiena eman dit garaipen honek. Aimar Irigoienek zortzi bider irabazi du Euskadiko Txapelketa, eta aurten ere bera zen txapela irabazteko faborito nagusia. Nik irabaztea, beraz, ezusteko galanta izan da askorentzat.
Inhar Urruzuno txapela jantzi berri. Argazkia: Irati Saizar / Tolosaldeko ataria
Aimar Irigoien gainditu zenuela jakin ostean, zer pasatu zitzaizun burutik?
Egia esan, ez nengoen nire momenturik onenean, eta lorpen horrek poz handia eman zidan. Bi hilabete lehenago etxean gurekin bizi zen aitona galdu nuen, eta zazpi bat hilabete arinago, ostera, Mutrikun bizi zena. Garaipena eurei eskaintzeko gogoagaz irten nuen etxetik, eta motibazio horregaz atera nintzen plazara; eurengan pentsatze hutsak indar handia eman zidan. Hori dela eta, garaipen hori eurei nahiko nieke eskaini, oso-osorik.
Zeure burua irabazteko aukerekin ikusi zenuen?
Plazara nire marka hobetzera irten banuen ere, hurreagotik edo urrunagotik denok edukitzen dugu txapela lortzeko itxaropen hori buruan. Neure burua aukerekin ikusi nuen, izan ere, azken ordura arte dena erabakitzeko egoten da: txapelketa ez da amaitzen azken segundoko txistuak jo arte. Iazko marka hobetzeko gai ikusten nuen neure burua, eta arriskuak hartuta, azkenean txapela lortu nuen.
“Plazara bakarrik joanez gero, ziurrenik ez nuke erdirik ere lortuko”
Iaz txapelak esku artetik ihes egin ostean, aurten beste estrategia bat erabili duzu, ezta?
Iaz egindako hanka sartzea gogotik ordaindu nuen, baina galtzen ere asko ikasten da. Azken momentura arte indarrak gorde beharra dagoela ikasi nuen, eta aurten indarrak gordetzeak txapela irabazteko balio izan dit. Azken harrira hiru jasoaldi gutxiagogaz ailegatu nintzen, eta hori asko baldin bada ere, neure burua ondo ikusi nuen, oraindik ere nahikoa fresko.
Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarra
Txapelketa irabazi duen bigarren bizkaitarra zara.
Orain arte txapelketa irabazi duen bizkaitar bakarra Zelai [Jose Antoni Gisasola] izan da. Dudarik barik, harri txikietan egon denik -eta onena bera izan da, eta bere ikasle batek Euskadiko txapelketa bi bider irabaztea berarentzako pozgarria dela deritzot.
Entrenatzailea izateaz gain, plazetan ere laguntzaile izaten duzu Zelai. Zer garrantzia dauka Zelaik eta Joseba Ostolazak aurtengo txapelketetan egin duten beharrak?
Zelai eta Ostolaza biak izan dira txapeldun handiak, eta biek ondo ezagutzen dute mundu hau. Biek egiten duten lanak ere zerikusi handia dauka, eta eurei eskerrak dira posible garaipen horiek guztiak. Lana norberak egiten baldin badu ere, talde lana ere garrantzitsua da. Euren lana ezinbestekoa da, plazara bakarrik joanez gero, ziurrenik ez nuke erdirik ere lortuko. Hiru minutu, beharbada, ez da asko, baina sufritzen ari zarenean luze joaten dira, burura gauza asko etortzen dira, eta alboko aldean pertsona balekoa, agintzen ondo dakiena eta zertan zabiltzan ondo dakiena izatea oso garrantzitsua da. Ostolazaren ordez Aitor Madariaga nire laguna ibili ohi da harri ipintzen urte askoan, baina mina hartuta dago, eta pena daukat aurtengo garaipenak haregaz batera ezin izan ditudalako partekatu.
Euskadiko txapelketa estreinako irabazi zenuenean, Irigoienek parte hartu ez zuelako irabazi zenuela ere sarri entzun behar izan duzu.
Arantza hori ere kentzeko aukera eduki dut oraingoan. Txapela lehenengo bider jantzi nuenean, oso behar ona eginda irabazi nuela uste dut, ikusi besterik ez dago bigarren sailkatuari atera nion aldea [21 harrikoa]. Aurretik nindoala ikusita, erdia sufritu eta txapela jantzi ahal izango nuen, baina plazari errespetua zor diot, eta txapela ahal nuen guztia emanda eta sufrituta jantzi nuen, eta Aimar Irigoienek eta Hodei Iruretagoienak parte hartu ez zutelako irabazi nuela entzun beharra gogorra da ba!
Bizkaiko txapela laugarren urtez jarraian jantzi duzu.
Harrijasotzaile berriak sartu dira lehian, eta horri eman nahiko nioke garrantzia. Azken urteotan jende gutxi batu gara, eta aurten bost lagunek parte hartu genuela ikustea pozgarria izan da. Bizkaiko txapelketan, ostera, oraindik ez dago Euskadiko txapelketan besteko mailarik, eta Mallabiko txapelketa prestatzeko entrenamendu modura hartu nuen, eta bidez batez, hasiberriei laguntzen ibili nintzen.
Hasiberriak gogor al datoz?
Ez dago gazte askorik. Hasi direnak ere urteetan aurrera doaz, baina mutil indartsuak dira, eta horiek urteetan jarraitzea nahiko nuke. Igoera txapelketa jokatu da aurten Bizkaian bigarrenez. Aurten hamar lagunek izena eman dutela eta maila ere igotzen ari dela ikustea txalotzekoa iruditzen zait.
Inhar Urruzuno, Euskadiko txapela soinean
Eta Mallabikoa zelako txapelketa izan zen?
Egia esan, ez nuen txapelketa prestatzeko asti handirik eduki. Uztailaren 17an Euskadiko txapelketa eduki nuen, abuztuaren 5ean Bizkaikoa, eta Mallabikoa abuztuaren 15ean. Hilabetean hiru txapelketa jokatu ditut, eta tartean izan ditudan erakusketak direla eta, ez dut nahikoa astirik eduki. Neguan egindako entrenamenduen ostean, oinarri sendoa hartuta nengoen, eta hori nabarmen igarri da, eta iaz baino zortzi jasoaldi gehiago egitea lortu nuen Mallabian. Bolagaz, gainera, Aimar Irrigoienek ezarritako marka hobetu nuen, eta bere marka absolututik jasoaldi batera geratu nintzen. Urtetik urtera gorakada nabarmena egiten ari naiz, gauzak ondo egiten ari garenaren seinale.
Irailaren 3an, ostera, Zazpi Herrialdeetako txapelketan ere parte hartu zenuen.
Mikel Lopetegi Urra-k ordezkatu zuen Gipuzkoa, eta berak zer egingo zuen beldur nintzen. Oso harrijasotzaile ona da, eta irabaztea ez zen erraza izan, sekulako jipoia hartu nuen.
“Kirol honetan ez dago mugarik, eta neuk ere ez daukat mugarik”
Lau txapel lortu dituzu aurten; marka hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Txapel bat lortzea asko kostatzen baldin bada, lau irabaztea pentsa zenbat kosta litekeen. Denboraldia amaitu berri, horren inguruko balorazio bikaina egingo nuke. Beti dago zer hobetu, baina aurtengoa baino denboraldi hoberik ez dut uste errepikatu ahalko nukeenik.
Etorkizunera begira, zer helburu dituzu?
Oraindik ere zer ikasi asko daukat, baita zer hobetu ere. Kirol honetan ez dago mugarik, eta neuk ere ez dut mugarik. Ez dakit noraino ailegatu naitekeen, hori denborak esango du. Nire ustez, adina ere ez dut txarra, eta oraindik urte onak ditut hartzeko. Hasi nintzenez geroztik, esperientzia hartu dut, eta aurrera begira, urtez urte, ikasten jarraitzea da nire helburua.