Martitzeneko azokarako baimenak esleitu dituzte asteon
40 eskatzailek parte hartu dute zozketan, eta 27 salmenta baimen eman dituzte. Eskatzaileek orain legeak ezartzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko duteGaur egun, martitzenero, Atalde kalean egiten den azoka Goiko Plazara lekualdatuko dute. Hala, lek...
40 eskatzailek parte hartu dute zozketan, eta 27 salmenta baimen eman dituzte. Eskatzaileek orain legeak ezartzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute
Gaur egun, martitzenero, Atalde kalean egiten den azoka Goiko Plazara lekualdatuko dute. Hala, lekualdatze prozesu horrek martxan jarraitzen du. Asteon beste pauso bat eman dute; Goiko Plazako azokan kale salmenta egiteko baimenak esleitu dituzte, zozketa bidez.Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, 40 eskatzailek parte hartu dute zozketan, eta 27 salmenta baimen eman dituzte. Hala ere, zozketa horretan eskatzaileek erreserba hurrenkera zenbaki bat hartu dute. Kanporaketarik, uko egiterik edo esleipenaren epearen barruan bajarik egongo balitz, erreserba hurrenkera zenbakien arabera egingo litzateke esleipen berria.
Baimena izanik, eskatzaileek legeak ezartzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela baieztatzeko.
Guztiak ados
Bermeoko Udaleko zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak gogorarazi duenez, 2015eko abenduan onartu zen martitzeneko azokaren lekualdatzea, udal talde politiko guztien adostasunagaz. Orain, aipatu azoka Goiko Plazan jartzeko behar diren pausoak ematen ari direla esan du Ibarrolazak, eta zozketa beste pauso bat izan dela.
Bermeoko asteroko azoka lekuz aldatzearen arrazoi nagusiak bi direla azaldu zuten abenduan erabakia hartu zutenean: batetik, orain arte egiten den tokian sortzen diren arazoak konpontzea, eta, bestetik, Alde Zaharraren biziberritze planaren sustapena bultzatzea.
Atalde kalean egiten den azokak, izan ere, zarata arazoez gain, bestelakoak ere sortzen dizkie kale horretan dagoen Herriko Eskolako ume eta gurasoei. Horregatik, Guraso Elkarteak eta Zuzendaritzak azoka beste leku batera eramatea eskatu zuten astero sortzen zituen eragozpen eta arriskuak ekiditeko helburuz.
Bestalde, udalaren ustez, kokaleku berriak herriko merkataritza sustatu eta erosketa gune bat sortzeko balio dezake. Era honetan, «Alde Zaharraren ekintza ekonomikoei bultzada bat ematea suposatuko du, zonaldearen eraberritze planaren barruan».