Markina-Xemeingo frontoia bertsozalez beteko du Kontzezioko Bertso Jaialdiak
Izen handiko sei bertsolari igoko dira bihar jaialdiko oholtzara: Lizaso, Lekue, Arzallus, Martin, Enbeita eta Egaña. 17:30ean hasiko da jaialdia. Sarrerak frontoiko leihatilan eskuratu daitezkeOhiturari eutsiz, Kontzesio egunak bertso jaialdi handia ...
Izen handiko sei bertsolari igoko dira bihar jaialdiko oholtzara: Lizaso, Lekue, Arzallus, Martin, Enbeita eta Egaña. 17:30ean hasiko da jaialdia. Sarrerak frontoiko leihatilan eskuratu daitezke
Ohiturari eutsiz, Kontzesio egunak bertso jaialdi handia ekarriko du Markina-Xemeingo frontoi nagusira. Bertsozaleentzako hitzordu berezia bihurtu den Kontzezioko Bertso Jaialdiak izen handiko sei bertsolari batuko ditu, beste urte batez. Sebastian Lizaso, Etxahun Lekue, Amets Arzallus, Alaia Martin, Onintza Enbeita eta Andoni Egaña igoko dira antolatzaileek Uni frontoiko kantxan jarriko duten oholtzara.Bertsolari gazteak, baina punta-puntakoak eta beteranoagoak elkartu nahi izan ditu aurten, jaialdia antolatzen duen Amaiur Kultur Elkarteak, eta guztien onena ateratzen saiatuko da gai-jartzaile lanetan jardungo duen Josu Goikoetxea gernikarrak.
Sei bertsolarien artean Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalisten artean dauden bertsolari bi egongo dira: Etxahun Lekue larrabetzuarra eta Onintza Enbeita muxikarra. Daukaten maila handia erakutsi dute biek txapelketan, eta Markina-Xemeingo frontoiak finalerako prestatzen joateko aukera eskainiko die.
Bertsoak eta elkartasuna
Bi finalistekin batera, hiru txapeldun handik kantatuko dute: 1982. urteko Txapelketa Nagusian finalista, 1986koan txapeldun eta 1989koan eta 1997koan txapeldunorde izan zen Sebastian Lizasok, lau edizioten jarraian (1993, 1997, 2001 eta 2005 urteak) Euskal Herriko bertsolari txapelduna izan zen Andoni Egañak eta 2013. urteko Txapelketa Nagusiko Txapeldun Amets Arzallusek.
Hiru bertsolari handiak ezagunak dira Kontzezioko jaialdietan, urte askotan, bertsoz bertso, gozarazi dituzte-eta plaza horretako bertsozaleak.
Denetatik gazteena Alaia Martin bada ere, aspaldi eman zuen oiartzundarrak promesa izatetik profesional mailarako jauzia. Gipuzkoako txapelketaren finalean hirugarren izan zen 2011an, eta 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan jardun zuen. Martinek ere ezagutzen du Kontzezio Jaialdiko publikoa eta beti bezala dena ematen saiatuko da.
Bertsoez gain, elkartasunak ere edukiko du bere tartea jaialdian. Oraindik ere ixteko arriskuan dagoen herriko Txokoa Libre eta zabalik! mantentzea aldarrikatuko dute.
Jaialdiko sarrerak 10 euroan eskuratu ahal izango dira Udal Pilotalekuko leihatilan bertan, jaialdia hasi aurretik. 17:30ean hasiko da bertso saioa.