Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Madrilgo Gobernuak helarazitako laguntzaren ziurtagiri ofiziala jaso dute gaur [urtarrilak 19]. Kamiñaldeko lanak ordaintzeko, zehatz esanda, 2.180.570,15 euroko diru laguntza jaso du udalak, eta horri esker, mendian egiten ari diren lanen
bi ziurtagiri ordaintzeko besteko dirua izango du.
Madrilgo Gobernuaren laguntza pozik hartu du udalak, eta esker oneko hitzak izan ditu Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak, baina oraindik ere ordaintzeko asko dagoela gogorarazi nahi izan du. “Kamiñaldeko lanak ordaintzeko den diru guztia ondo etorri izango da, baina guk lanean jarraitu behar dugu diru gehiago etor dadin”.
Azken ekarpena jaso eta gero, honakoa izango litzateke erakunde bakoitzak egindakoa: Ondarroa Udala (3,5 milioi euro), Espainiako Gobernua (2,1 milioi euro) eta Bizkaiko Foru Aldundia (1,5 milioi). Datuak aztertu ostean –
7,1 milioi euro ekarpena egin dute guztira– oraindik ere dirua falta dela nabarmendu du alkateak. Hori dela eta, bertoko erakundeekin batera lanean jarraituko dutela azaldu du.
[ALBISTE HONEGAZ LOTUTA] Atal berezia: Ondarroako lur jausia