Bekoportalerako zer gura duten zehazteko 40 herritar batu dira
Kulturagaz eta giza-harremanekin zerikusia duten erabileren aldeko apustua egin, eta egunero zabalik egongo den espazio baten aldeko jarrera agertu duteHurtado de Mendoza kalean dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna herritarrekin zehaztu gura du Be...
Kulturagaz eta giza-harremanekin zerikusia duten erabileren aldeko apustua egin, eta egunero zabalik egongo den espazio baten aldeko jarrera agertu dute
Hurtado de Mendoza kalean dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna herritarrekin zehaztu gura du Bermeoko Udalak, Bekoportala izeneko parte hartze prozesuaren baitan. Arkibai Urdaibai Biosfera Erreserbaren garapen jasangarrirako elkartea ari da parte hartze prozesua kudeatzen. Bermeoko Udaleko ordezkariekin, alderdi politikoekin, merkatariekin eta elkarteekin batu ostean, zapatuan, nor- banakoen txanda izan zen. Herritarrek aipatu gunerako proposamenak egin ahal izan zituzten.40 lagun inguruk parte hartu zuten parte hartze tailerrean, eta parte hartzeagaz «oso pozik» agertu dira Arkibai elkartekoak: «Orubearen inguruan bizi diren herritarrek, elkarteetako kideek alderdi politikoetako ordezkariek eta adin ezberdinetako norbanakoek parte hartu dute. Modu horretan, ikuspuntu ezberdinak jaso ditugu».
Orubearen kokapen ona
Herritarrak «arduratuta» agertu ziren orubearen egoeragaz, baina «konponduta eta mantenuagaz konpondu daitekeela» uste dute. Kudeaketaren inguruko kezka ere agertu zuten; hau da, leku hori zelan mantendu eta zelan kudeatuko den. Bestalde, Orubea «oso ondo» kokatuta dagoela eta, Alde Zaharrarentzako positiboa izan daitekeela uste dute, eta Alde Zaharraren ondare historikoa «balioan jartzeko» balio ahalko duela esan zuten.
Zapatuan, jendeak zein arlorako erabilerak proposatzen dituen jakin gura zuten, eta gehienek kulturagaz eta giza-harreman eta familia-harremanekin zerikusia duten erabileren alde egin zuten.
Tailerrean, berriz, argi geratu zen herritar guztiak izan behar direla erabiltzaileak, eta egunero zabalik egongo den espazio bat izango dela. Lokala malgua izan beharko litzatekeela esan zuten, hau da, proposatzen den erabileraren arabera alda daitekeena. Lokal aurreko orubea, berriz, gune berdea daukan plaza bat izan beharko litzatekeela adostu zuten.
Txostenaren zain
Orain arteko bileretako eta zapatuko emaitzekin, Arkibai elkarteak txosten bat egingo du. Aipatu txostena udalari bidaliko diote, baina herritarren aurrean ere aurkeztuko dute. Udalaren asmoa txostenaren ardatzekin proiektu arkitektonikoa egitea dela azaldu dute Arkibaikoek.
Bekoportala parte hartze prozesuaren baitan, galdeketa bat ere zabaldu dute, eta galdeketaren ondorioen berri eman zuten zapatuan. Diotenez, herritarrek Alde Zaharraren mantenu faltagatik kezka agertu dute. «Puntu ilunak argiztatzeko beharra nabarmendu dute, horietako bat da Bekoportala», azaldu zuten. Bestalde, orubearen kokapena «oso ona» dela ondorioztatu da. Alde Zaharra, baina, «igarobidea» dela ondorioztatu da galdetegiaren bitartez, «batez ere, erosketak egiteko eta poteorako erabiltzen den gunea izanik».