Araztegia 2017ko azken hiruhilekoan jarriko dute martxan
Aulestiko ur zikinei tratamendu egokia eman, eta Lea errekara ur garbia heltzea ahalbidetuko duen araztegia eraikitzeko lanak aurreikusitako epean burutuko dituztela jakitera eman du Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak.Ferrovial Agroman eta Cadagua Aldi Bate...
Ferrovial Agroman eta Cadagua Aldi Baterako Enpresa Elkarteari esleitutako lanak burutzeko hamazortzi hilabeteko epea daukate, eta urte honen azken hiruhilekoan martxan jarriko dute.
Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak 2.461.613, 14 euroko inbertsioa egin du Aulestin. Aipatu enpresekin egindako kontratuan araztegia eraikitzea, martxan jartzea eta bete beharreko proba epea zehazten dira.
Tratamendu biologikoa
Ur zikinei tratamendu biologikoa egingo diete, biodisko deritzon teknologia erabilita. Horrek urei nitrogenoa eta fosforoa kentzea ahalbidetuko du.
Ia 400 biztanleren ur zikinak bideratuko dira araztegira, eta aurrerago, Narea, Zubero, Urriola eta Ibarrola auzoetako 200 bat herritarrenak ere jasoko ditu.
Halaber, araztegia Aulestiko herriari baino gehiagori zerbitzua emateko prestatuta dagoela jakitera eman dute, eta, beraz, etorkizunean zerbitzua gehiagorengana zabaltzeko aukera eskainiko du.
Hala eta guztiz ere, momentuz, Ibetako putzu septiko nagusia eta Eleiz kaleko putzu septikoa batuko dituzte hara, bai eta ere Sololuziako etxebizitzetako saneamendua.
Kiratsik barik
Solaguren auzoan ari dira araztegia eraikitzeko lanetan. Hain zuzen ere, Mikel Ansotegi Aulestiko alkateak azaldu duenez, ur patzuergoko ordezkariekin batzartu ziren araztegia herrigunetik ahalik-eta urrunen egoteko: «Hasiera batean beste bi leku proposatu zituzten Aldakor enpresaren alboan edo Ibetatik gertu, eta, azkenean, begi-inpaktua gutxitzeko hemen egitea lortu dugu. Zulo batean sartuta dago, eta ia ez da igartzen. Etxeetatik ahalik eta aldenduen egotea gura genuen, nahiz eta suposatzen den karbonozko filtroak eroango dituen eta usainik botako ez duen araztegi moderno bat izango dela».