Lekeitioko jaiak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu dute
Lekeitioko San Antolin jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du Lekeitioko Jai Batzordeak. Lanak abuztuaren 1eko 13:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira, Eusebio Erkiaga kultur etxean.Baldintzetan ezarri dutenez, kartelak 50x...
Baldintzetan ezarri dutenez, kartelak 50×50 neurrikoak izan behar dira, eta San Antolinak 2017, Lekitto testua eraman beharko du derrigorrez. Era berean, kartelean, Lekeitioko jaiei lotutako berezitasunen bat agertu behar dela azaldu dute antolatzaileek.
Lekeitioko Udaleko Jai Batzordeak izendatuko du epaimahia, eta bere ebazpena abuztuaren 8an emango dute jakitera. «Irabazlea zein den eta saria hartzeko eguna eta tokia udalaren facebookean, kultur etxeko iragarkien taulan eta komunikabideetan iragarriko da».
500 euroko saria
Irabazleak 500 euroko saria eramango du. Halere, epaimahaiak saririk ez ematea erabaki dezakeela zehaztu dute, «aurkeztutako kartelek behar besteko mailarik ez dutela iritziz gero».
Saritutako lana udaleko kultura sailaren esku geratuko da. Beste lanak, ostera, itzuli egingo dituzte, eta horretarako lanaren egilea bera edo baimendutako pertsona kultur etxetik igaro beharko da, irailaren 19an hasi eta 30 eguneko epearen barruan.
Bestalde, parte hartzaileek irudietan sexuen arteko oreka islatzea kontuan hartu beharko dutela adierazi dute antolatzaileek. Aldi berean, emakumeen eta gizonezkoen rol estereotipatuetan oinarritutako jarduera, esaera eta irudiak saihestu beharko dituzte.