Azaroaren 3ra arte parte hartu daiteke argazki lehiaketan
Beste urte batez, Muxikako Udalak argazki lehiaketa jarri du martxan, eta parte hartu nahi dutenek azaroaren 3ra arteko epea edukiko dute lanak aurkezteko.Gaztetxoei zein helduei begirako argazki lehiaketa da, eta bi mailatan bereizita parte hartuko du...
Gaztetxoei zein helduei begirako argazki lehiaketa da, eta bi mailatan bereizita parte hartuko dute: batetik, 16 urtera arteko herritarrak egongo dira, eta, bestetik, 16 urtetik gorakoak.
Maila batekoek zein bestekoek seina argazki aurkeztu beharko dituzte; edozein teknika eta kolore erabilita. Hala ere, lanok JPG formatuan aurkeztu beharko dituzte, «ahalik-eta kalitate handienean», eta USB batean. Lanak Zubieta Errota liburutegian aurkeztu edota liburutegia.muxika@bizkaia.org helbidera bidali beharko dira.
Era batean zein bestean aurkeztuta, egilearen izen-abizenak eta harremanetarako datuak zehaztu beharko dituzte parte hartzaileek, eta argazkiaren azpian, noiz eta non atera den ere aipatu beharko dute.
Parte hartzaile guztiek, gainera, gai bakarra izan beharko dute kontuan argazkiak ateratzerakoan: Muxika, Gorozika eta Ibarruriko altxorrak.
Ohi bezala, jasotako argazki denekin erakusketa bat egingo dute Zubieta Errotako aretoan, eta, gainera, 2018ko egutegia egiteko erabiliko dituzte.
Nagusien lehiaketan, argazki onena, bilduma onena eta Muxikako argazkirik onena sarituko dituzte. Eta hiru irabazle horiek Muxikako jatetxe batean bi pertsonentzako bazkari edota afari bana irabaziko dute. Gaztetxoen lehiaketako onenari, aldiz, 60 euroko bonua emango diote, argazkilaritzari lotutako materialean gastatzeko.
Sariak, azaroaren 24an
Sari banaketa azaroaren 24an egingo dutela jakinarazi du udalak; 19:00etan jarri dute ordua, Zubieta Errotan.
Iaz, 26 pertsonen lanak jaso zituzten; 154 argazki guztira. Eta horien artean onena Aitor Gonzalez gernikarrarena zela ebatzi zuen epaimahaiak.