Lekeitioko Turismo Bulegoak iaz baino bisitari gutxiago izan ditu
Itsasargira bisitak gutxitu badira ere, Santa Maria Basilikaren emaitzak baikorrak izan dira. %60 handitu da herriko bisita gidatuetan parte hartu dutenen kopuruaAurtengo udan ere bisitari asko izan ditu Lekeitioko turismo bulegoak, hala ere ez dira ia...
Itsasargira bisitak gutxitu badira ere, Santa Maria Basilikaren emaitzak baikorrak izan dira. %60 handitu da herriko bisita gidatuetan parte hartu dutenen kopurua
Aurtengo udan ere bisitari asko izan ditu Lekeitioko turismo bulegoak, hala ere ez dira iaz beste izatera heldu. Jakitera eman dutenez, ekainetik irailera bitartean, 19.140 argibide eskaera izan zituzten bulegoan, iaz baino 1.585 gutxiago; iaz 20.725 izan ziren.Bisitarien jatorriari dagokionez, berriz, aldaketa gutxi egon dira. Azken urteetan bezala, bisitari gehienak bizkaitarrak izan dira %40, eta horien atzetik Madrilgo, Herrialde Katalanetako eta Gaztela-Leongo bizilagunak dira Lekeitio gehien bisitatu dutenak. Atzerritarrak %25 izan dira; frantsesak, Erresuma Batukoak, alemanak eta AEBetakoak, batez ere.
Bisitariek gehien eskatzen duten informazioa Lekeitiori buruzkoa eta oro har Bizkaiari buruzkoa dela esan dute turismo bulegoaren arduradunek, bai eta euskal kostaldearen gainekoa ere. «Leku interesgarrien informazioa, museoen gaineko xehetasunak, non jan eta non lo egin eta jarduerei buruz galdetu dute». Horrez gain, euskal kultura eta herriko usadioei buruzko interesa ere erakutsi dutela zehaztu dute.
Iaz baino bisitari gutxiago izan ditu Itsasargiak aurten. Iaz 1.990 pertsonek bisitatu zuten, eta, aurten, 1.534 lagunek. Alderantziz, Santa Maria Basilikaren emaitzak oso baikorrak izan direla nabarmendu dute. «2.690 pertsonek bisitatu dute aurten eliza; iaz 2.514 pertsona izan ziren». Aurten, gainera, uztailean ere bisita gidatuak egiteko aukera egon da
Urte osora begira
Herrian zehar egin dituzten bisita gidatuek ere harrera ona eduki dute bisitarien artean. «Aurten iaz baino %60 gehiago izan dira bisita gidatuetan parte hartu duten pertsonak».
Uda sasoikoez gain, turismo jarduera eta eskaintzak urte osora zabaltzen direla gogora ekarri du Lekeitioko Udalak. Urrian, esate baterako, Europako Ondare Jardunaldien programaren barruan bisita gidatuak antolatuko ditu udalak, eta azaroan jarduera eta bisitak Lekeitioko Hiribilduaren 692. urteurrenaren harira.