Joanes Goitisolok eta Araitz Irazuk irabazi dute Urdaibai Kopa
Zazpi probetatik bosna lehiatu dituzte Goitisolok eta Irazuk, eta 248 eta 242 puntu lortu dituzte, hurrenez hurren. Goitisolo eta Quincoces nagusitu dira kopako azken probanDomekan lehiatu zuten Urdaibai Kopako azken lasterketa puntuagarria Gorozikan, ...
Zazpi probetatik bosna lehiatu dituzte Goitisolok eta Irazuk, eta 248 eta 242 puntu lortu dituzte, hurrenez hurren. Goitisolo eta Quincoces nagusitu dira kopako azken proban
Domekan lehiatu zuten Urdaibai Kopako azken lasterketa puntuagarria Gorozikan, eta bertan, Joanes Goitisolok eta Nahia Quincocesek lortu zuten garaipena. Hala ere, Kopako sailkapen orokorrean, Goitisolo bera eta Araitz Irazu arrolapetarrak nagusitu dira.Kopako zazpi probetatik bost eginda, 248 puntu eskuratu ditu Goitisolo gernikarrak, eta bederatzi puntura sailkatu da Aitor Uriarte arrolapetarra. Hirugarren, aldiz, Aritz Arrutik egin du, 232 puntu lortuta. Azken biek ere kopako bosna proba lehiatu dituzte.
Iaz ere, Goitisolo gernikar gazteak eraman zuen kopa etxera. Hirugarren aldia da Urdaibai Kopan garaile suertatzen dena, eta garaipenak «hasierako ilusio bera» egiten diola aitortu du. Izan ere, «kopako erregularrena edo azkarrena izatea beti pozgarria dela» deritzo.
Lehen proba egin zitzaion gogorrena gernikarrari, «denboraldi hasiera zelako eta forma txarragoan» zegoelako; dena den, Foruan eta Gorozikan bezala, lasterketako buru izan zen orduan ere. Ereñoko lasterketa bigarren postuan bukatu zuen. Ean, berriz, Imanol Goñiri eskutik helduta helmugaratu zen, lehen eta bigarren postuak bereganatuz.
Nesketan, aldiz, Araitz Irazuk 242 puntu bereganatu ditu, eta horiei esker, sailkapeneko lehen postuan kokatu da. Oihane Oruek egin du, berriz, bigarren, irabazleak baino hiru puntu gutxiago lortuta, eta Izaskun Perez hirugarren sailkatu da 227 puntugaz. Oruek kopako lasterketa guztiak lehiatu ditu; Perezek sei eta Irazuk bost.
Lehenengo aldia da Irazurentzat proba denetatik gutxiengoak (kasu honetan, bost) egiten dituena; aurrekoetan proba bat edo bestetan baino ez baita lehiatu. Aurtengoa «ez da oso urte ona» izan Irazurentzat, eta aurreko urteetan «askoz denboraldi hobeak» egin izan baditu ere, ez du horrelako saririk jaso aurrekoetan; «batzuetan, dena ez da izaten gure esku», azaldu du. Hala ere, sariagaz «pozik» da Gernika-Lumon bizi den hernaniarra, «horrelako gauzak beti baitira onak».
Gutxieneko bost probetan soilik lehiatu izana nahikoa izan da Irazurentzat Kopa berenagatzeko. Jokatutako lasterketa guztien artean, garaipen bakarra jaso du, Ibarrurikoa, hain zuzen ere. Domekan Gorozikan lehiatutakoan bigarren egin zuen eta baita Ereñon ere; Gernika-Lumon, aldiz, hirugarren eta Gautegiz Arteagan bosgarren.
Ibarrurin eta Ereñon, Oihane Perezegaz «lehia estua» izan zuela aitortu du irabazleak, eta gehien haietan sufritu duela.
Urdaibai Kopak «inguru eta bide berriak ezagutzeko aukera» ematen die Irazu eta Goitisolori, baina gehien gustatzen zaiena «probaz proba taldean sortzen den giroa» dela azpimarratu dute.
Gorozikakoa, azkena
Domekan Gorozikan jokatu zutena izan zen Urdaibaiko Kopako zazpigarren eta azken proba, eta Goitisolok egin zuen lasterketako denbora onena. Ordubete, 37 minutu eta 32 segundo behar izan zituen 20 kilometroko ibilbidea burutzeko, eta segundo bira helmugaratu zen Ibon Bilbao. Hirugarren egin zuen Aitor Uriarte irabazlearengandik lau segundotara iritsi zen helmugara.
Nesketan, Nahia Quincocesek lortu zuen txapela. Gorozikako plazan hasi eta amaitu zen ibilbidea egiteko, 1.52.02 behar izan zituen mendexarrak. Kopako irabazle suertatu den Araitz Irazuk egin zuen bigarren eta Leire Monasteriok hirugarren. Irazuk 2 ordu, 6 minutu eta 51 segundoko denbora egin zuen, eta Monasteriok, aldiz, 2 ordu, 9 minutu eta 17 segundokoa.