Urriko azoka, giro ederrean
Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiak Markina-Xemeingo kaleak bete zituen zapatuan. Goizean goiz hasi eta arratsaldera arte luzatu zen jaiak eskualdeko lagun asko batu zituen.Eskualdeko baserritar eta abeltzainen lan handiaren erakusleihoa izan zen beste...
Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiak Markina-Xemeingo kaleak bete zituen zapatuan. Goizean goiz hasi eta arratsaldera arte luzatu zen jaiak eskualdeko lagun asko batu zituen.
Eskualdeko baserritar eta abeltzainen lan handiaren erakusleihoa izan zen beste behin ere, zapatuan Markina-Xemeinen ospatu zen Urriko Azoka Nagusia. Era askoko produktuak jarri zituzten azokako mahai gaineetan Lea-Artibaiko ekoizleek, eta gutxi izango ziren zer edo zer erosi barik Zelaiko azoka gunetik alde zutenak.Urtez urte aukera gero eta zabalagoa dela iruditu zitzaien erosleei, batez ere produktu ekologikoena, eta urteroko produktuez gain, berriak ere probatzeko aprobetxatu zuten batzuek.
Lehen orduetatik ibili ziren azokazaleak Zelai inguruko postuetan eta udaletxe osteko aparkalekuaren bueltan animaliak ikusi eta erosketak egiten. Hala ere, urtero modura, eguerdi partean batu zuen jende gehien azokak. Eguraldi onak lagunduta, Lea-Artibai, Mutriku eta inguruetako herritar asko bertaratu ziren azokagaz eta jai giroagaz gozatzera.
Blonda txapelketa
Azoka zabaltzeagaz batera hasi ziren lehiatzen Euskadiko 22. Blonda Txapelketa, udaletxe osteko aparkalekuan. Bizkaiko bi ukuiluk eta Gipuzkoako beste bostek parte hartu zuten bi urtetik behin Markina-Xemeingo azokan lehiatzen den txapelketan. Guztira, Blonda arrazako 107 buru aurkeztu ziren Euskadiko Blonda Federazioak antolatutako ganadu txapelketara.
Animaliek hamasei ataletan lehiatu zuten, urrixak adin eta egoera erreproduktiboaren arabera (txahalagaz eta txahal barik) hamalau ataletan banatu zituzten, idiskoak, berriz, bi sailetan lehiatu zuten. Epaiketa Iparraldeko epaileen lana izan zen; Dominique Irigoien eta Jean Pierre Plantek jardun zuten aukeraketan.
Epaileen arabera, zapatuko txapelketako ukuilurik onena Orioko Longa baserriko Jose Angel Zendoiarena izan zen, eta bigarren Arrietako Makuleta baserriko Iturbe anaien ukuilua gelditu zen. Behi urrixa txapelduna, berriz, Azpeitiko Eizmendi baserriko Maite izan zen, eta idiskoen txapeldun handia Markina-Xemeingo Illaispe baserriko Hector. Eskualdeko ordezkari bakarrak beste sei sari ere eraman zituen etxera. Ismael Arriolaren urrixek hiru lehen sari, bigarren sari bi eta hirugarren bat lortu zituzten.
Ardoak dastatzen
Blonda arrazako ganaduagaz gain, eskualdeko abeltzainen 254 buru ere egon ziren ikusgai aparkalekuaren bueltan. Behi, idi eta zaldi ilara luzea egon zen Zelaibarri aurreko sokan lotuta. Animalia ikusgarriak plazaratu dituzte, aurten ere, eskualdeko ganaduzaleek.
Ekoizleez gain, artisau eta eskualdeko elkarteek egindako eskulanak erosteko aukera ere egon zen Zelaiaren bueltan, Gorabide eta Izarbidean elkarteetako kideek egindakoak, besteak beste. Eta azoka girotzeko, Tarineko Trikipand taldearen kalejira eta Iratxe Ibarra eta Andoni EgaƱa bertsolarien saioa egon ziren. Iaz bezala, gainera, egur eskulturak egin zituen aditu batek motozerragaz, Goiko Portalean.
Harrera ona izan zuen bai eta ere, Leartibai Garapen Agentziak antolatuta Arkupean egin den txakoli eta Idiazabal gaztaren dastaketak. Arkupeko mahai ilara luze biak bete zituzten jakinminez parte hartzaileek, bi txandatan. Ardoen lurrinak ezberdintzen erakutsi zien Mikel Garaizabal enologoak.