Sukarrietan egiten ari diren ponpatze estazioko lanak bisitatu ditu Iñaki Arriolak
Lanon garrantzia nabarmendu du sailburuak. Sukarrietako ponpatze estazioa saneamendu sistemaren muina dela esan du. 2018. urteko bigarren hiruhilabetekoan amaitzea espero duteEusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu I...
Lanon garrantzia nabarmendu du sailburuak. Sukarrietako ponpatze estazioa saneamendu sistemaren muina dela esan du. 2018. urteko bigarren hiruhilabetekoan amaitzea espero dute
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriola Sukarrietan egon zen atzo goizean. Hain zuzen ere, Uraren Euskal Agentzia (URA) herri horretan eraikitzen ari den ponpatze estazioko lanak bisitatzera joan zen.Arriolak URAren zuzendari nagusi Ernesto Martinez de Kabredogaz egin zuen bisita, eta Sukarrietako alkate Erruki Goiriena ere bertan egon zen, beste batzuen artean. Sukarrietan egiten ari diren ponpatze estazioak Urdaibaiko saneamendurako proiektu orokorrerako daukan garrantzia nabarmendu zuen Arriolak; «sistemaren muina» dela esan zuen. «Ondo araztu gabeko hondakin urak isurtzea ekidingo du aparteko ingurumen balioa duen Urdaibai Biosfera Erreserban». Izan ere, Sukarrietako ponpatze estazioak Mundakako itsasadarreko ezker ertzeko eta eskuin ertzeko zati bateko hondakin urak, Gernika-Lumokoak barne, Lamiarango Hondakin Uren Araztegira (HUA) bideratuko ditu.
Zailtasun handiko lanak
Sukarrietako lanak zailtasun tekniko nabarmeneko lanak direla azaldu du Arriolak: espazio gutxi dagoelako, Mundakako itsasadarraren ertzean eraiki behar izan delako, lurpean egin delako eta itsasoak hartzen duen maila azpitik eraiki behar izan delako. Hala, jakinarazi duenez, diametro askotariko 300 zutoin baino gehiago jarri zituzten, 40×40 metroko eremu bat itxi aldera. Ondoren, ponpatze estazioa estaltzen duen hormigoizko estalki-lauza egin zuten. Lanok amaitzerakoan, horren gainean berreskuratuko dute Marisma parkea.
Lurpeko kaxa hori eraikitzeko zutabeak eta estalki-lauza eraikitakoan, barruan zegoen lurra erauztea «zailtasun handikoa» izan da Arriolaren arabera. Parke azpian, 10 metrora arteko sakoneran zulatu behar izan dute.
Sailburuaren arabera, Sukarrieta eta Lamiarango HUAra arteko obra Urdaibaiko saneamendu sareko faserik «garrantzitsuenetarikoa» da, eta 2018. urteko bigarren hiruhilabeterako amaituta egotea aurreikusten dutela gaineratu du.
Gernika-Busturia
Parez pare, URAk Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko bilgailu nagusia eraikitzeko lanak esleitu berri dituela gogorarazi du. Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko ponpatze estazioa eta Busturiko ponpatze estazioa lotzeko lanak egingo dituzte.
Lan horien helburua Gernikatik Busturirainoko hondakin urak jasotzea da, «abian diren edo eraikitzen ari diren kolektore tarteen bidez batu, eta horiek guztiak Lamiarango HUAra botatzea, bertan dagokion moduan tratatu ditzaten, itsasora isuri aurretik».