'Gernika' lanaren bidaia azaltzen duen erakusketa jarri dute ikusgai
Barikuan aurkeztu eta zabaldu zuten eta bihar arte bisitatu ahalko da, Pasealekuan. Ohiko ordutegiaz aparte, bisita gidatuak ere esakaintzen dituzte 19:00etanLa Caixa Gizarte Ekintzak eta Reina Sofia Museoak antolatutako Picasso. Gernikaren bidaia erak...
Barikuan aurkeztu eta zabaldu zuten eta bihar arte bisitatu ahalko da, Pasealekuan. Ohiko ordutegiaz aparte, bisita gidatuak ere esakaintzen dituzte 19:00etan
La Caixa Gizarte Ekintzak eta Reina Sofia Museoak antolatutako Picasso. Gernikaren bidaia erakusketa aurkeztu zuten barikuan herriko alkate Jose Mari Gorroñok, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak, CaixaBanken Euskadi eta Kantabriako lurralde zuzendari Juan Pedro Badiolak, La Caixa Banku Fundazioko Kultura Alorreko zuzendari Ignasi Mirok eta Reina Sofia Arte Zentroaren Museo Nazionaleko Erakusketa Alorreko zuzendari eta komisario Rosario Peirok.Gorroñok azaldu duenez, Pasealekuan jarri duten erakusketak Gernika artelanaren ibilbide historikoa zein izan den jasotzen du; alegia, 1937an Parisen sortu zenetik Reina Sofia museora eraman zuten artekoa (1992). Hala ere, egungo egoitza «azken egoitza ez izatea» espero duela esan du alkateak; oraindik ere beste bidaia bat egitea falta zaiolako».
Mirok, bestetik, aitortu du «Gernika balio sinboliko handiena duen lana» dela, eta jendeak ez dakiela zergatik den hain garrantzitsua uste du. «Gernika gizateriaren historiaren ikono da, eta historia hori da erakusketagaz kontatu nahi duguna».
Peirok, bere aldetik, azpimarratu du Picassoren koadroa Reina Sofiako bildumako «pieza garrantzitsuena» dela. «Pozik» da Peiro erakusketaren emaitzagaz; izan ere, «zehaztasun handiagaz» egina dagoela uste du.
Memoria historikoa
Rementeriak aipatu du horrelako ekintzek «memoria historikoa sendotzen laguntzen» dutela; «modu honetan elikatzen ez badira, azkenean hil egiten da, eta niretzat erakusketa hau hori da: memoria historiko horrentzako elikagai funtsezkoa». Ahaldun nagusiak dioenez, «Euskal Herriarentzat Gernika sinbolo bat da, eta beldurra eta mina irudikatzen ditu». Eta memoria ere irudikatzen du, Rementeriaren ustez; «bonba haien ondorioz izan ziren biktimen oroitzapenak». Modu berean, Gernikak «inspiratu» ere egiten duela dio, «herri bezala daukagun sendotasuna, eta zutitu eta aurrera jarraitzeko daukan gaitasuna erakusten du».
200 metro koadroko erakusketa da, bost esparrutan banatuta dagoena. Ikus-entzunezkoak, argazki eta kartel erreprodukzioak eta agirien nahiz marrazkien faksimileak… biltzen ditu; guztiak Picassoren lanaren eta bidaien historia azaltzeko baliagarriak. Artistak garatutako sorkuntza-prozesua nolakoa izan zen ezagutu ahalko du bisitariak, eta, horrez gain, lanak gerraren aurka duen esanahaia eta 40 urtez baino gehiagoz mundu zabalean ibili izanaren zergatiak ere ezagutu ahalko ditu.
Bihar arte dago erakusketa zabalik, 12:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Bisita gidatuak ere badira herritarren eskura 19:00etan. Erakusketa Gasteizen, Bilbon eta espainiar estatutako zenbait hiritan ere jarriko dute ikusgai.